ESZENA

Euskal Antzerki Topaketak Azpeitian

Abian da Azpeitian Euskal Antzerki Topaketen 40. edizioa. Egitarau oparoa programatu du Azpeitiako Udalak aurtengoan ere, Kulturaz kooperatibarekin elkarlanean.

Hala, gaur bertan, azaroak 4, “Herriye” azpeitiar antzerki zaleek sortutako lanaren laugarren eta azken emanaldia taularatuko da Sanagustin Kulturgunean, arratsaldeko 19:00etan. Maria Jesus Murillo, Joritz Iriarte, Joxe Agustin Orbegozo, Milagros Etxaniz eta Irene Aranburuk eszenaratuko dute Herriko antzerki sortzaileen obra, Erika Olaizola eta Xanti Agirrezabalaren zuzendaritzapean. Lan talde handia dago obraren atzean gainera, herritar ugarik izan baitute bere sorkuntzan eskuartzea. Horrela, Jose Luis Otamendi ibili da testu zuzenketa lanetan; eszenografia eta argiztapena, Kulturaz Kooperatibaren eskutik dator; eta Azpeitiko Musika Banda eta Kbeat Abesbatza arduratu dira musikaz, beste hainbat herritarren parte hartzearekin batera.

Lan honek, herri nortasuna du hizpide.  “Ez da Azpeitiko ohitura jatorren segida edota transmisio kontua bakarrik, “NOR-TA-SU-NA! Zirt edo zart egiten ez badugu, hau badoa! Cést fini! Akabo Azpeitia! Baina ateka honetatik nork aterako gaitu, herriak ez bada? Eta herria, adiskidea, zu zeu zara! Antzerkiak behingoagatik gutako bakoitzari herritar gisa konpromiso zibiko maila handia eskatzen digu. Lehenbizi izan azpeitiar, eta ondoren beste guztia. Herriak herriari eman behar dio arnasa, eta herritik hartu. Zuk herria bezainbeste behar zaitu Azpeitiak zu. Orain ezin gara ezkutatu”.

Guztira, haur zein helduentzako 11 antzezlan izango dira ikusgai datorren azaroaren 20ra bitartean, eta horien artean, gainera, “Herriye” obraren estreinaldiaz gain, “Zeozertan dabil, baina ez dakit zertan eta “Intxaurra” lanen estreinaldiak ere programatu dira.

Antzezlanez gain, bestelako jarduerarik ere izango da gozagai egunotan Azpeitian. Hala, asteburuko egitarauari jarraipena emango dio eskola antzerkiak. Era horretan, azaroaren 14tik 16ra bitartean, , 7 lan  taularatuko dituzte herriko txikienen artean “antzerki zaletasuna sustatzeko asmoz”. Gainera, erakusketarik ere ez da faltako: Corrado Masacciren txontxongilo erakusketa eta Dinamoa Sormen guneko argazki zaharren erakusketa, esaterako.

Indarberrituta eta zenbait berrikuntzekin dator gainera aurtengo edizioa. Izan ere, garaira egokitzeko apustu sendoa egin dute antolatzaileek eta  itxura aldaketa ez ezik, sare sozialetara ere jauzia eman dute.

Modu horretan, egitarauaren xehetasun eta informazio guztia eskuragarri jarri dute sareetan edota antzerkitopaketak.eus webgunean.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button