ESZENA

“Ganeko Crew”, “Arar” eta “Bobo”, antzerki eta dantza ikuskizunak, La Fundicion aretoan

Bilboko Deustu auzoan dagoen La Fundicion aretoak iraileko ondorengo bi asteburutan gauzatuko duen egitaraua iragarri du.

Hala, asteburu honetan, Olatz Gorrotxategiren zuzendaritzapean, Ganeko Crew umore absurduzko antzerki-lanaz gozatzeko aukera izango du bertaratzen denak. “Ikusleak pertseidazko gau baten misterioan sarraraziko ditu obrak, Ganekogorta mendian elkartu den pertsona talde baten esperientzia kontatzen duen ibilbide sentsorialean parte hartzera gonbidatuz”.  Usue Martinez, Marina Lapuente, Aitor Arabiourrutia eta Olatz Gorrotxategi izen bereko konpainiako kideek, ikuspegi dibertigarri eta informal batetik,  talde bateko kide izateak sortzen dituen harreman eta mendekotasun mailak aztertzen dituzte obran, “gizakiok talde bateko kide izateko dugun beharrizanaz hausnartuz. Helburua dibertsioa, ezustekoa eta delirio eszenikoa izanik”. Hitzorduak: irailaren 14an, 19:00, 20:00 eta 21:00etan. Eta irailaren 15ean, igandean, 20:00etan.

Bestalde, irailaren 20an eta 21ean, Vigotik etorriko den Teatro Ensalle konpainiak Arar pieza aurkeztuko du. Ikuskizun hori Los Canchales lankidetza eta ikerketa eszenikoko topaketetan sorkuntza prozesu baten bitartez gauzatutako pieza da. Prozesu horretan, parte hartu dute Juan Loriente eta Antonio Fernandez Lera, Magrinyana konpainiako kideak, Monica Valenciano kanariar dantzari eta koreografoak, eta El Canto de la Cabra eta Cambaleo Teatro konpainiek.
Sortzaileen esanetan, “Arar deitu duguna testuinguru argi batean kokatu nahiko nuke: zeri buruzkoa da?. Galdera errepikatu egiten da denon buruan, baina oraingoan egun bakar bati heltzen saiatuko naiz. Hitzak salaketa izan nahiko du, eta gorputzak hori, gorputz”. Hitzordua, irailaren 20 eta 21ean, 20:00etan.

Dantza ikuskizunik ere izango da hil honetan. Hala, irailaren 22an, igandez, Koldo Arostegi bilbotarrak Bobo dantza ikuskizuna eskainiko du iluntzeko 19:00etan. “Espazio intimo batetik, haurren linbotik, nire gainean mugitzen diren muga aleatorio guzti horiei begira nago, harrituta, normaltasuna normaltasun, ezetik bereizten saiatuz (…). Gerturatzen diren guztiak zalantzaz beteko ditut, tentelak garen ala ez bereizteko aukerarik ematen ez digun epidemia izango banintz legez”.
Arostegik bere ibilbide artistikoan badu eskarmentua Deborah Hay, Brooklyneko koreografo eta dantzariaren ondoan; Rodrigo Sobarzo koreografia-egile txiletarrarekin; bai eta Rubio Gamo madrildar dantzariaren ondoan ere. Konpainiei dagokionez Mudances-Angels Margarit konpainian, Dansgroep Amsterdam-Krisztina de Chattel konpainian, Erre que Erren, NuxCompanyn eta La Ejecutora konpainetan zenbait lanetan ere parte hartu du.

Egitarau osoa: lafundicion.org.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Cookie propioak erabiltzen ditugu, bai eta hirugarrenen cookieak ere, zure nabigatze-esperientzia eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartutzat joko dugu.Ikusi cookien politika.

ACEPTAR
Aviso de cookies
Tresna-barrara saltatu