LITERATURA

Elkar argitaletxeak uzta ederra plazaratu du

Makina bat lan kaleratu ditu asteotan Elkar argitaletxeak. Durangoko Azokari begira bere gutizia literario batzuk dituzue hemen.

Aiora Jakak itzuli du Ibon Martin idazlearen Tulipen dantza lana non misterioa toki orotan den. “Leku lasai eta ederra da Urdaibaiko itsasadarra, naturaren mirari bat gizakien eskura. Alabaina, baretasun hori laster apurtuko da, kazetari ezagun bat trenbidean lotuta agertuko baita trenak harrapa dezan. Guztia zuzenean grabatua izango da gainera, eta Internet bidez zabaldua. Krimen lazgarri bezain ankerra, beste zenbaiten aurrekari izango dena, eta denetan egilearen sinadura makabro bera: tulipa berezi bat, odola bezain gorria, bizitza bezain delikatua”.

Joxe Mari Berasategik eta Maialen Berasategik Abdurazak Gurnah idazlearen Paradisua izeneko obra itzuli dute Jokin Zaitegi Sariari esker. Lan horretan honako hau kontatzen da: “Osaba Azizekin bidaian joan behar duela esan diote Yusufi gurasoek, baina berak ez daki arabiar hori ez dela bere osaba, baizik eta merkatari aberats bat, eta harekin daukan zorra kitatzeko saldu duela aitak. Hor hasten da eleberria, eta hor hasten da Yusufen bidaia miragarria, Afrikako hainbat bazter ezagutzera eramango duena, XX. mendearen hasiera horretan europarrek menpean harturiko lurraldeak zein zurien berri ez daukaten baso eta oihanak.”

Ane Garcia Lopezek itzuli du Maskulinitateak, R.W. Connell adituaren lana. Maskulinitateak egin, berregin, erdietsi, erdi lortu, aldatu, mutatu eta moldatu egiten dira arian ari. Askatu askatzen ote diren mandatu eta pribilegio patriarkaletik, horixe aztertu nahi du R. W. Connell soziologo australiarrak maskulinitatearen jakintza eremuan funtsezko lantzat jotzen den honetan.

Eta beste formatu bateko lana da Ni ez naiz Mikel Laboa, Unai Iturriaga, Harkaitz Cano eta Joseba Larratxe egileek sorturiko komikia. Euskal kantaririk miretsiena eta maitatuena, sasoi baten, geografia baten eta jendarte baten ispilu da Mikel Laboa. Ohiko biografia moldeetatik ihesi, Laboaren kantuen izpiritua, aldartea eta umorea hartu dituzte egileek eleberri grafiko honetan bidelagun, errealitatearen errekako korronte geza irudimenaren itsasoko urekin nahasten den puntuan murgiltzeko gonbidapena eginez.

Bestelakoak hemen ere kontsultatu ahal dituzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button