ESZENA

Abangoardiako proposamenik onenak “BLV-ART” programarekin

Bilboko Udalak BLV-ART programaren edizio berri bat jarriko du abian ekainaren 3tik 13ra, dantza, antzerki eta arte bizietako ikuskizun garaikideez beterik. Aurten, beste diziplina batzuekin batera dantzak paper garrantzitsua izango du.

Bilbo Zaharreko kaleek BLV-ART programaren XV. edizio honetako ikusgarriak hartuko dituzte. Ostegunean, ekainaren 3an izango da inaugurazioa, eta bertan, Eva Guerreroren konpainiak  Periferias lana aurkeztuko du.  Piezak “begirada poetiko batetik, gorputz baten eta bestearen artean dagoen espazioaz eta inguruan geratzen den espazio guztiaz” hausnartzen du. Emanaldi hau Berreginen Museoan pase bikoitzean izango da (18:30ean eta 19:15ean) eta publiko orori zuzenduta dago. Egun horretan bertan, 20:00etan, Arriera konpainiak Café cantante Amargura lana partekatuko du San Frantziskoko Udaltegian.
Asteazkenean, 9an, 19:30ean, Mariaren Bihotzaren Plazako Aztarnategian, Beatriz Sanchez arituko da Ex Tradicional 48003 proposamenarekin. Hilaren 10ean, 19:30ean, Node konpainiaren eskutik Natura 2021 lana ikusi ahalko da; dantza, performance eta ikus-entzunezko pieza bat da, dantzari bat protagonista duena. Azkenik, ekainaren 13an, Isaac Erdoizak eta Nazario Díazek Conversation Pieces (Fuego verde) lana aurkeztuko dute. Ikuskizuna Mariaren Bihotzaren Aztarnategian izango da, 13:00etan.

Aipatu behar da hiru proposamen estreinatuko dituela BLV-ART programak. Horietako bi ekainaren 4an ikusiko dira. Lehena Aztarnategian izango da 18:30ean, eta Pablo Fidalgoren eskutik etorriko da, Qualcosa nascèra da noi antzerki performatibo pieza bat partekatuko duena. 20:00etan, Bilborock aretoan, La Caja Flotanteren txanda izango da, Beautiful Stranger antzezlanarekin. Azken estreinaldia hilaren 5ean izango da, eta Barbara Sanchezek Mystic Bacala kontzertua egingo du Bilborock aretoan, 19:30ean.

Horiez gain, Tranpola konpainia, hilak 6, Berreginen Museoan izango da Txilin Hotsak ikuskizunarekin, eta Bilborock aretoan, Maite Aizpuruak Erresistentzia arazo fisikoa da euskarazko performancearekin.

Horiek eta gehiago BLV-ART programaren barruan.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button