ESZENA

Antzerkiaren itsasontzia gaur dator Lekeitiora

Gaur bertan abiatuko da Lekeition bertako Nazioarteko Kale Antzerki 24. Jaialdia. Antzerkiaren itsasontzia porturatuko da gaur, Euskal Herriko zein kanpoko konpainien ikuskizun abangoardistenekin.

Aurten itsasotik dator lehen ikusgarria: The Ship of The Fools (Zoroen itsasontzia). Itsasontzi baten gainean arituko dira Molieren obra baten adaptazioarekin. Sarrera kobratuko da sartzeko eta ikusgarriaz gozatzeko, baina oso modu originalean: ikusle bakoitzak 0,16 zentimo ordainduko ditu kiloko, aitzinean egiten zen bezala.

Sacude konpainia Bartzelonatik dator eta kanpandorrean zintzilikatuko dira. Ikusgarria proiekzio batzuekin ere hornituko da. Xarxak, halaber, formatu handiko proposamena dakar Lekeitiora Papers obrarekin. Hainbat jende munduan zehar dabil, harat honat, paperen bila, oztopo askorekin nahi duen tokian bizi ahal izateko. Problematika honetaz abiatuko da Papers lana, larunbat gauean.

Frantzaitik, berriz, Rue Barre eta Picto Facto konpainiak ere etorriko dira kostaldeko herrira harridura sortzeko. Puzgarri oso bereziak erabiltzen dituzte Frantziako abangoardian buru diren talde horiek.

Euskal Herriko antzerkiaren ordezkariak Deabru Beltzak, Hortzmuga eta Trapu Zaharra konpainiak izango dira.

Bestalde, Stock Umorea izeneko arte eszenikoen eskola berria jarri da aurten martxan herri horretan. Horrekin batera jaio da Stock Umore Lekeitio Off saila, jaialdi paralelo gisa, esperimentatzeko helburuarekin. Hor, aurten, zazpi egitasmo baino gehiago kaleratuko dira.

Non, zer eta zein unetan egingo den jakiteko, xehetasun guztiak dituzue ekimenaren webgunean: www.lekeitiokale.net

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button