ESZENA

Abian dira Donostiako Gazteen Antzerki Topaketak

Gaurtik abiatuta ekainaren 22ra arte, Donostiako Gazteen Antzerki Topaketak ospatuko dira Donostiako Udal Gazteria Bulegoaren eskutik. Topaketa hauetan izena eman duten profesionalak ez diren antzerki taldeek euren lanak aurkeztuko dituzte Gipuzkoako hiriburuko zenbait agertoki nagusitan.

Gazte Bulegoak urtero antolatzen duen ekimen honek hiru hamarkadako ibilbidea du dagoeneko, eta gazteak antzerkira hurbiltzera animatu eta talde amateurrak eta profesional ez direnak sustatzea du helburu.

Ildo honetatik, egitarau oparoa antolatu dute aurtengo edizioan ere. Hala, bi kategoria daude lehiaketan: 14tik 18 urtera bitarteko Junior kategoria, eta 18 eta 30 urte bitarteko Senior kategoria.

Urtetik urtera, Donostiako nahiz inguruetako antzerki talde gehiagok parte hartzen dute ekimen honetan eta ohikoa den bezala, konpainiek euren erakustaldiak eskainiko dituzte topaketek irauten duten bitartean. Saioak goiz eta arratsaldez izango dira,  Kutxa Kultur Kluban, Antzoki Zaharrean, Lugaritz Kultur Etxean, eta Gazteszenan.

Konpainien erakustaldia sari-banaketa festarekin amaituko da, antzerki, zinema eta telebistako pertsonaia ezagunak izango direla, sariak banatuko dizkietenak parte hartzen duten taldeei.

Antzoki Zaharreko, Gazteszenako eta Lugaritzeko antzerki emanaldietarako sarrerak Donostia Kulturako webgunean edota egun berean leihatilan eros daitezke. Eta Kutxa Kultur Klubeko emanaldien sarrerak egunean bertan erosi ahalko dira Tabakalerako leihatilan.
Edizio honen emanaldien programa osoa hemen.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button