ARTEA

“Ertibil” erakusketa ibiltaria Elorrion izango da irailean ikusgai

Ertibil, Bizkaiko artista hasiberriak sustatzeko helburua duen erakusketa ibiltariak Elorrion jarraituko du bere ibilbidea. Bilboko Rekalde Aretoan inauguratu eta udan Ean eta Balmasedan egon ondoren, Elorrioko Iturri Kultur Etxean dago ikusgai hil osoan zehar.

37.edizioa bete duen erakusketa ibiltariak 83 artisten lanak jaso zituen. Horien artetik, 18 artistaren 18 obraaukeratu dira erakusketa osatzeko. Hiru saridunak ere hor daude, honakoak: Juan Pablo Orduñez-MawatreS, Borja Gomez Diez eta Izaro Ieregi. Juan Pablo Orduñez-MawatreS artistak BlackMonuments (artxiboa) obra aurkeztu du: “espazio publiko demokratizatuan, printzipio hegemonikoen kontrako ideiak goraipatu nahi dituzten monumentu berriak sortzerako orduan lengoaia tradizional eta naturalizatuen erabilera errepikakorrari ekiten dion garapen-prozesuan dagoen proiektu baten parte da”.
Borja Gomez Diez pintura materikoaren -testura desberdinekin, arinak zein latzak eta zenbait zimurrekin- keinu herabe baten eta eskaneatua ahalbidetzen duen erreprodukzioaren planismo eta leuntasunaren artean mugitzen da.
Azkenik, Izaro Ieregik hainbat emakumeren keinu eta imintzioak azaltzen dituzten lehen planoko argazkiekin osaturiko bilduma bat aurkeztu du.

Horien artean ere Maria Benito Piriz durangarra dago, hiriko azken moden ildo eta estiloen inguruko begirada pertsonalarekin osatutako lanekin. Hainbat erakusketatan parte hartu du artista horrek eta bere arrakasta, sinadura jakin batzuetan oinarritzen da: Balenciaga, pasarelan txandalaren erabilera, Rosalia, arropa islatzailea, jelezko azazkalak edo Buffalo oinetakoak, besteak beste. Bilboko Guggenheim Museoan, Noaingo Kultur Etxean, Okela AMPn, BilbaoArten eta Errioxako Muestra de Arte Joven-en ere jarri dira bere lanak ikusgai.

Horiekin batera, Natalia Suarez, Raisa Alava, Ana Arsuaga, Maria Benito, Mar de Dios, Andoni de la Cruz, Urotz Deusto Iturregi edota Ivan Gomez daude.

Erakusketa horren harira gainera, bi bisita gidatu antolatu dira irailaren 25rako. Hala, Natalia Suarez artistak euskarazko bisita gidatuko du 18:30ean eta gaztelaniazkoa 19:30ean.

Ertibil erakusketa ibiltariaz gain, bestelako ekimenekin ere saritzen dira artistak eta aurtengoan ere, bigarren urtez jarraian, Japonian bi hilabeteko egoitza artistikoa egiteko aukera eskainiko die hiru irabazleei, “nazioarteko hedapena bilatu eta kulturen arteko komunikazioaren eta hartu-emanaren esperientzia sustatzeko helburuarekin”.

Elorrioko Udalarekin lankidetzan antolatutako erakusketak iraila Elorrion eman ondoren, Arrigorriagara joango da urrian, Eibarrera azaroan eta Getxon amaituko du urtea.

Erakusketaren ordutegiak eta gainerako informazio guztia, bizkaia.eus

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button