LITERATURA

Kanpoko espazioez eta geure barruko estantziez

Musikaz lagundutako poesia errezitala antolatu dute Markina-Xemeningo Uhagon Kulturgunean. Yolanda Arrieta Malaxetxebarria idazleak jarriko ditu hitzak eta Peru Galbetek musika, eta bion artean Etxe bat literatura eta musika uztartzen dituen emanaldia osatuko dute. Ekitaldia larunbatean izango da, 19:00etan hasita.

Yolanda Arrietak hala definitu du emanaldia: “Gaston Bachelard soziologoak espazioen esanahietan murgiltzen gaitu La Poétique de l’espace entseguan, kanpoko espazioez ari garenean geure barruko estantziez ere ari garelako. Nik etxearen irudia hautatu dut.
Eta hiru denborak estekatu ditugu bizigune hori idazteko. Bat, oroimen beroa, nondik gatozen gogoratzeko. Bi, leihoak zabalik, uneari leku egiteko. Hiru, irudimena martxan, gure guraria ez ahazteko. Gelaka aritu gara, bakean atontzeko estantzia bakoitza. Xede bakarra buruan: amets egiten jarraitzea.

Zita horren ostean, otsailaren 25ean, Usurbilgo Sutegi kultur etxean izango da bikotea;  martxoaren 15ean, Iurretako liburutegian; eta maiatzaren 19an, Gasteizen.

Yolanda Arrieta Malaxetxebarria (Etxebarria, 1963) euskal idazlea da. Magisteritza ikasketak egin zituen Eskoriatzako Irakasle Eskolan. Antzerkia eta Kultura eta Gizarte Antropologia ere ikasi ditu. 2015ean Haur eta Gazte Literaturaren Euskadi Saria irabazi zuen Argiaren alaba liburuarekin (Autoedizioa, 2014, Denonartean, 2015). Gaiei dagokionez, behin baino gehiagotan emakumeek ahozko literaturaren transmisioan izan duten garrantzia azpimarratu izan du.
Peru Galbete (Usurbil, 1987) abeslari, pianista, gitarrista, ukelele jotzaile eta konpositore gipuzkoarra da. Mukuru kolektiboko kidea da. Bere lanen diseinuak, hitzak eta bideoak ere ekoizten ditu. Bere lanak Nor zara zu? (2020, Mukuru) eta Beiratu (2022, Mukuru) izan dira. Ofizioz irudigilea ere izanik, lanketa berezia egiten du bere kantuak eta irudiak nahastean. Huarte Arte Garaikidearen Zentroan sortu ditu Uraren Oldea kontzertu musikal-bisuala eta Ura sartu zen Barrura (Punto de Vista 2020) dokumentala.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button