ESZENA

“Lautan Hiru” antzerki-jaialdiaren hirugarren edizioa gaurtik aurrera

Bilbon gauzatzen den Lautan Hiru antzerki-jaialdiaren hirugarren edizioak maiatzaren 6an, 13an, 20an eta 27an haizatuko ditu bere proposamenak. Bilboko Udalak babesten du jaialdia, eta Euskaltzaindiak Cafe Bar Bilbaorekin, Zazpi Katu gaztetxearekin eta BIRA Kulturarekin elkarlanean antolatu du egitaraua.

Aurten, hirugarren edizioa beteko du Lautan Hiru antzerki jaialdiak, eta pandemiaren eraginez atzeratu bada ere, indartsu dator udaberri aldera. Honela, maiatzaren 6tik 27ra, ostegunero, antzerkia ikusteko parada egongo da Bilboko Alde Zaharrean.

Ohi denez, formatu txikiko lanak erakutsiko ditu jaialdi horrek, hala iraupenari nola muntaketari dagokionez (oro har, 15-40 minutuko piezak izango dira), eta aurten eszenatoki bitan antzeztuko dira, 18:30etatik aurrera: Euskaltzaindiaren egoitzan (Plaza Barria, 15) eta BIRA Kulturunean (Erronda kalea, 2). Espazio bietan zorrotz beteko dira Eusko Jaurlaritzak COVID 19ari aurre egiteko ezarri dituen neurriak.

Jaialdiaren helburu nagusiak honakoak dira: euskarazko antzerkia hauspotu nahi da (lanen hizkuntza euskara izango da); sortzaileei beraien lanak erakusteko guneak eskaini nahi zaizkie; eta Bilboko Zazpikaleetako giroan eragin nahi da, kultura aukerak zabalduz.

Gaur berton abiatuko da ekimena Euskaltzaindian plazaratuko diren hiru piezekin: 35 Huts (Esti Curiel), Zom2 (Anodino Teatroa) eta Txilin Hotsak (Tranpola Taldea). Maiatzaren 13an, Euskaltzaindian ere, beste hiru lan: Elkar ezagutu genuen… (Piszifaktoria Laborategia), Piarres Larzabal: Antzerki laburrak (Mikel Martinez) eta AHOY! ( Kokreta Teatroa). Maiatzaren 20an, beste hiru pieza. Lehena BIRAN egingo da: Hauts artean (Artekartu konpainia), eta beste biak Euskaltzaindian: Satiro (Xanti Agirrezabala) eta Tor magoa.
Maiatzaren 27an izango da azken zita. BIRAn, Cafe Bar Bilbao saria erakutsiko da Kill, Kerra eta Karma (Asier Hernandez, Dorleta Urretabizkaia eta Mikel Martinez). Geroago, Euskaltzaindian: TerminAITOR (Infamia Teatroa) eta Dorleta Kortazar ipuin-kontalaria eta bertso musikatuak (Oihana Bartra).

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button