EZLEKUBAT

Bulkada artistikoak bideratzeko “2d1”

Gotzon Garaizabal eta Peru Magdalenak osatzen dute 2d1 proiektua. Bikote nekaezinak Sutik sormen-egitasmoa aurkeztu zuten joan den urtearen hondarretan. Suan sustraitutako sorkuntza hau, 2013ko solztizioan egindako lana da, non suaren errautsak, pintura, eskultura, gastronomia, argazkigintza eta poesia uztartu dituzten. Suaren argiaren bila sorturiko margolanak, eskulturak, argazkiak eta poesia barnebiltzen dira proiektuan, eta baita prozesu guztia islatzen duen bideo-sorkuntza ere. Peruk, honen inguruko azalpenak eman dizkigu.

Lehenik eta behin. Zertan da 2d1 proiektua?

2d1 bide bat da, Gotzon eta Peruren artean egin edo ibiltzen duguna (funtsean gauza bera dira); eta, noski, bide guztiak bezala, ibiltariak gura duena aurki dezake bertan. Guretzat, 2d1 unibertso guztiaren laburpen sortzaile bat da.

Gotzon Garaizabal eta zeuk osatzen duzue 2d1 proiektua. Zein da bakoitzaren zeregina. Nola elkartu zineten eta nola uztartzen duzue zuon lana?

Susmoa dugu birraitona bera izan genuela, mendeetako sustraietan galduz gero. Eta horrek eragingo zuen, agian, belaunaldi espiritual berekoak sortu izana.

Gerora, orain dela (kronologikoki) 15 bat urte ezagutu ginen. 2d1, ordea, orain dela urte bi t’erdi sortu genuen. Geroztik ekinean darraigu, mihiseari mihia atera eta pintatzen, darabilgun bide edo arte adierazpideaz larregi arduratu barik, ahal dugun eta sorkuntza gardenena jaioarazi guran. Bide horretan, guztiz nahasturik doaz gure eskuak, nork zer egiten duen zehaztu gura barik.

Suaren errautsak, pintura, eskultura, gastronomia, argazkigintza eta poesia,… Zer dela eta hainbeste diziplina baturik?

Gure etxea handia da. Egin kontu: mundu guztian ere ez da kabitzen gure etxea! Beraz, nola esango diogu gugandik sortu den ezerri diziplina bakarrean sar dadin!? Bide guztiak bide beretik eratortzen dira: bizi eta biziraun nahitik. Oraina bizi eta gerora biziraun. Orduan, sortzen zaizkigun modu eta bideetatik onartzen ditugu gure bulkada artistikoak, bat edo beste diren galdetu edo definitu gura barik.

Zuen azken proposamena Sutik deitzen da. Zer adierazi nahi duzue?

Lurpekaritza ariketa arketipikoa da Sutik. Geure barruraino sartu, sortu, eta horren txingarretatik jaiotako fenixa omendu gura izan dugu.

Nekatuta geunden teknika, ulerbide eta sailkatzeetatik; eta horren karira sortu zitzaigun barrenak erre eta berriz jaiotzeko gogoa. Guztion oinarrizko suaren inguruan dantza egin eta horrek estetikoki sorraraziko zizkigun espresio bideak ibiltzeko nahia. Hortik, bada, Sutik. Eta, hortik, hau guzti hau.

“Gure lehengaia bizitza da”, esan duzue.

Bai. Dudarik barik. Geure sorkuntza (azertatu edo akastuagoa, argi edo lanbroagoa) ez da soilik beste sorkuntza batzuetan oinarritzen. Ez dugu zehazki beste inork egindako lanengan lan egiten. Berez, “lan” kontzeptua ere oso industriala iruditzen zaigu. Eta guk, inoren pausuetan apoiatu barik, gurago izan dugu bizitzan apoiatu, bertan indar hartu eta segi, bizimodu garden, sakon eta ederragoen bila. Bizitzatik irten eta bizitzara apuntatuz. Artifiziotan dantzan ibili barik. Hobeto sutan.

Artegintzan bide berriak jorratzeko prest agertu zarete. Zeintzuk hurrengo pausuak?

Geure hurrengo pausuak lanbroak dira. Benetan ibili gura duenak ere ez ditu argi ikusten hurrengo pausuak. Soilik dakigu zintzoak izango direla pausu horiek emateko gogoak. Ea ibiltzen jarraitu eta bidean elkar ikusterik dugun!

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button