LITERATURA

HEGATS aldizkariak Txillardegiri eskaini dio azken alea

Atzo jaso genuen Hegats aldizkariaren azken alea. Zenbaki hau, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi idazlearen figurari buruzkoa da, eta Altxa itzazu begiak izena darama.

Liburuxka gorri ederra zabaldu orduko, aurkibidearekin egingo dugu topo. Joxe Austin Arrietak idatzi ditu hasiera letrak eta “…pur sang bat izan zara beti” diotso Txillardegiri. “Kosmos bat izan da Jose Luis Alvarez Enparantza”, dio Fito Rodriguezek Txillardegiren kosmodromoan izeneko artikuluan.

Ander Iturriotz idazleak eta EIEren lehendakariak Elsa Scheelen eta genero gatazka izeneko artikulua idatzi du Hegats aldizkarian lerro honekin hasita “modernitatearen soziologia zehatza egiten du Txillardegik Elsa Scheelen nobelan”.

Alaitz Aizpuruk Txillardegi, euskara eta marxismoa izeneko lana osatu du eta lanean aurrera egin baino lehen honako maximarekin egiten dugu topo: “Txillardegik marxismoarekin izan zituen eztabaidak eta ezin ulertuak azaltzeko ere, beste behin, euskararen afera aterako zaigu bidera”.

Euskara batua eta Txillardegik horrekiko zituen ardurak aztertu ditu geroago, Gotzon Aurrekoetxeak. “Euskera gaitu, osatu, batu, gaurkotu, zorroztu eta aberastu egin behar dugu” (Huntaz eta hartaz). Beraz, kezka.

Azkenik, ale honek, Yakin aldizkariak, 1960an Txillardegiri egin zion elkarrizketa ere badakar.

Beste aldetik, EIEtik jakinarazi digutenez, ekainaren 19an, arratsaldeko 17:30ean, egingo da Hegats aldizkari honen aurkezpena Donostiako Udal Liburutegiko sotoan eta seguruenik, ale honetan parte hartu duten hainbat idazle izango dira.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button