MUSIKA

Buzzcocks punk talde klasikoak Donostian joko du

Buzzcocks 70eko hamarkadako punk-rock banda mitikoa da, eta euren ibilbidea sekulako punk-kantu melodikoekin josita dago: Where do I get, Ever Fall in Love… Bada, larunbatean, hilak 28, Donostiako Intxaurrondo Kultur Etxean izango dira, argitaratu berri duten The Way (1-2-3-4 Go! Records) aurkezten.

Pete Shelley eta Steve Digglek idatzi dituzte 10 abesti berriak, eta ekoizpena Dave M Allenek (Depeche Mode, The Cure, etab…) burutu du. ingelesekin batera, Ziburuko The Lookers garage-punk taldea izango da.

Buzzcocks banda Pete Shelley eta Howard Devoto musikariek eratu zuten, 1976an, Manchester hirian. Taldearen kantuetan punk-rockaren amorrua eta melodiekiko ageriko joera nabaritzen dira. Formula melodiko horrekin bete zituzten argitaratuko lehenengo lau diskoak, ezinbestekoak direnak: Another Music In A Different Kitchen (1978), Love Bites (1978), A Different Kind Of Tension (1979) eta Singles Going Steady  (1979) bilduma.

Bestalde, The Lookers hirukoteak binilozko hamar hazbetekoa argitaratu zuen iazko abenduan: Never has control. Diskoa Irungo Bloody Mary disko-dendak abiatu duen zigiluaren estreinako grabazioa da. Lau kantu biltzen ditu, eta Ives Grimonprez arduratu da ekoizpenaz. Diseinua, berriz, Iñaki Lopez gipuzkoarrak egin du.

Eragin klasikoagoak bildu dituzte lan berri horretan: The Beat, The Creation, Eddie and the Hot Rods…. Mikel Insausti kazetari eta rock-and-roll zalearen hitzetan, kantuok asko iraungo dute, eta The Lookers-ek etorkizun oparoa du aurrean.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button