ARTEA

Koldobika Jauregiren erakusketak, Bissier-i gorazarre

Koldobika Jauregik (Alkiza, 1959) Bissier-i omenaldia izenburuko erakusketa inauguratu du Donostiako Kur galerian; erakusketa zabalik egongo da 2014ko otsailera arte. Alkizarrak Julius Heinrich Bissier pintore alemaniarra omendu nahi izan du eskulturekin ondu duen erakusketa honetan.

Jauregi artista autodidakta da, eta hainbat material, teknika eta forma landu ditu bere egitasmo artistikoetan. Euskal eskultore minimalista dela esan ohi da, eta zura eta harria landu ditu batik, bat; Txillida maisutzat du.

Alemanian erakusketa asko egin dituen artista da, baina ez du inoiz Euskal Herriarekiko lotura eten. Horren erakusle, 2012an Gernikako bonbardaketaren harira abiatu zuen Ur Mara proiektua. Horretaz gain, Euskal Herriko hainbat hiri eta herritan erakutsi du bere obra.

Honatx Hasier Etxebarria kazetariak Jauregiren obraren harira idatzitakoak: “Bai, begiraiozu enbor erori horri, belar gainean etzanda, goroldioak erdi-janda. Begiraiozu ondo, begiraiozu sakon.
Ez, begi horiekin ez. Besteak behar dituzu horretarako. Atera itzazu azalpeko poltsikoetatik eta jar itzazu oraingo bien lekuan.

Orain bai. Begiraiozu enbor erori horri, belar gainean etzanda, goroldioak erdi-janda. Begiraiozu ondo, begiraiozu sakon.

Pagoa, gorostia, urkia, lizarra, gaztaina… halakorik batere ez da. Begiraiezu azaleko arrakalei, zimur eta pitzatuei. Haritza da. Ez, ez da haritza. Begira ezkerreko adarrean dilindan oraindik hostoak. Artea da. Bai, arte eroria”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button