EZLEKUBAT

Mikel Uraken: “Esperimentatzen jarraituko dut etorkizunean”

Argazkiak: Asier Garcia Azkue.

Mikel Uraken (Bilbo-Santutxu, 1982) kantautoreak Neguaren ostean izenburuko disko berria argitaratuko du azaroan. Diskoa iragan udan grabatu zuen, eta gitarra eta ahotsez jantzita dator.

Grabazio berrian zazpi doinu berri bildu ditu Urakenek, guztira 42 minutu. Andoaingo Garate estudioetan grabatu du, analogikoki, eta Kaki Arkarazo teknikariaren zuzendaritzapean, eta Javi Letamendia musikari (El Inquilino Comunista, We Are Standard) eta teknikari bizkaitarrak ekoitzi du. Tradizioan sustraitutako euskal folk garaikideko zazpi doinu bildu ditu bilbotarrak lan berrian, gordinak, eta era berean sentikorrak, Laboaren eta Bon Iver kanadarraren itzalak bereak eginez.

Gorka Erostarbe (Berria, Badok.info)  kazetariaren aburuz, “apustua ederra, ausarta, eta hunkigarria” da. Staff Magazine argitalpeneko Angel Ignaciok, halaber, hauxe esan du Urakenen lanaren harira: “Disko preziosista da, talentua eta bere lanarekiko konpromisoa haizatzen dituenak”.

Noiz hasi zinen bakarka jotzen? Aurretik beste talderen baten jo al duzu?

Duela urte batzuk, Loan izeneko talde batean aritu nintzen, 2005etik 2010era. Bi disko atera genituen, Kobazuloan saiakerak (2007) eta Hontziria (2009) Odio Sonoro Kantabriako zigiluarekin. Sludge edo antzeko zerbait egiten genuela esan daiteke. Ehun kontzertu inguru eman genituen estatu osoan zehar , eta bira txiki bat ere egin genuen, Frantzia, Espaina eta Portugal barrena, Suediako Suma taldearekin batera. 2010ean, Bilboko BBK Live jaialdian eman genuen gure azken kontzertua, eta gero, desegin ginen.

Oraintsu, Neguaren ostean lana argitaratu duzu? Pozik emaitzarekin?

Bai, erabat. Urte bateko lana izan da. Javi Letamendia ekoizlearekin buru-belarri jarri nintzen nahi dudan soinua eskuratzeko, bai zuzenekoetan, bai estudioan, eta esan dezaket lortu dudala.

Garate estudioetan grabatua. Nolakoa izan da estudioko lana?

Oso argi neukan,  abestien izaeragatik disko hau derrigorrez zintan eta modu guztiz analogikoan grabatu behar nuela. Oso gutxi dira Euskal Herrian grabatzeko zinta erabiltzen duten estudioak, tartean, Garate. Horretaz gainera, Kaki Arkarazorekin lan egiteko gogoa neukan, eta esperientzia oso abesgarria izan da.

Mikel, disko berrian kantautore garaikideen eragina nabaritzen da (Bon Iver…), baina baita euskal kantugile tradizionalen influentzia ere (Laboa…). Uztarketa hori kontzienteki bilatu al duzu?

Baliteke, bai, baina ez gehiegi. Nahiago dut adibidez, Devendra Banharten kutsu zikin eta lo-fi-a, Bon Iverrena baino. Beste aldetik, ezin dut ukatu Mikel Laboaren eragina nire konposatzeko moduan…bere musikari esker, beldurra galdu nion folk euskaldunaren barnean, nire erara esperimentatzeari; irrintziak eta oihuak botatzeari ere beldurra galdu nion.

Dena dela, zu ingelesez hasi zinen abesten, Folk songs for tormented souls lana argitaratu zenuen 2013an. Nolakoa izan da hizkuntza batetik bestera pasatzeko prozesu hori? Nola, gertatu da?

Bakarkako proiektuan hasi nintzen abesten; aurreko taldeetan ez nuen inoiz abestu. Beharbada, lotsagatik aukeratu nuen ingelera abesten hasteko.

Musikalki ere oso desberdina da Folk songs for tormented souls egungo kantuekin aldenduz, klasikoagoa-edo…

Bai, musikalki oso desberdina da, bai eta soinuari dagokionez ere. Garai hartan, AEBetako country eta folk mordoa entzuten nuen, eta eroso sentitzen nintzen armonikarekin jotzen ere. Baina etapa bat besterik ez zen izan, eta gaur egun, nahiago dut beste ildo pertsonalago batetik ibiltzea.

Tartean, lau moldaketa biltzen zituen Omenaldi Xumeak grabatu zenuen, 2014an. Disko horretan Neil Young, Laboa eta Anariren kantuak jaso zenituen. Disko horrek zubi lana egin zuela esan daiteke? AEBetako rock klasikoaren eta euskal tradizioaren arteko zubia? Lehenengo eta hirugarren lanaren artekoa?

Bai, erabat ados nago zuk esandakoarekin. Anari eta Mikel Laboaren bertsioak abesten hasi nintzenean, berehala konturatu nintzen askoz erosoagoa aritzen nintzela euskaraz abesten, eta publikoak ere sumatu zuen segidan. Omenaldi xumeak apurketa ekarri zuen. Hortik aurrera, esperimentatzeko eta nire soinu pertsonala bilatzeko garaia heldu zen.

Hortaz, prozesu luze horren emaitza Neguaren ostean disko berria izango litzakete, non kantuek bestelako sakontasun bat hartu duten. Ados al zaude?

Bai, baina prozesua behin hasiz gero, inoiz ez da geldituko, eta Neguaren ostean prozesu horren lehenengo emaitza edo fruitua izango da. Aurkitu dut nire soinua, abesteko hizkuntza eta ukitu pertsonala, eta esperimentatzen jarraituko dut etorkizunean, ildo horretatik tiraka.

Hitzak ere deigarriak iruditu zaizkit; esaterako, zazpi minutu inguruko Anabasak adina kantuan, zortzi bertso  baino ez dituzu sartu. Hitz laburrak egitearen aldekoa al zara? Askotan, eta batez ere gurean, letra luzeak egiteko joera dago, literaturaren eraginez edo.

Beno, abesti bakoitzak badu bere izaera…batzuetan hitz gehiago eskatzen dute, eta besteetan, berriz, ez horrenbeste. Egia da hemen Euskal Herrian badagoela hitz luzeekin abestiak egiteko joera, baina lehen aipatu dudan bezala, nire ildo propioa jarraitzen dut, eta nahiago dut hitzen sonoritateari garrantzia eman, edukiari baino. Azken finean, ez naiz idazlea, musikaria baizik, eta ahotsa erabiltzen dut beste instrumentu bat izango balitz bezala. Batzuetan, ez dut ezta hizkuntza bat ere erabiltzen, Ekialdetik dator abestia kasu: onomatopeiak erabiltzen ditut, eta nik asmatutako eta inprobisatutako hitzak…

Hasi al zara disko berria zuzenekoetan aurkezten? Nolakoa izan da harrera?

Momentuz, kontzertu batzuk eman ditut disko berriaren errepertorioarekin, eta sumatu dut jendea konturatu dela disko hau askoz pertsonalagoa dela, eta orijinalagoa, aurrekoarekin konparatuz, eta, nolabait, nire bide propioa aurkitu dudala. Pozik nago iritzi horrekin, azken finean, gauza bera uste baitut. Musikari baten eta bere publikoaren artean adostasuna dagoenean, izugarrizko gozamena da.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button