ARTEA

Carlos Quintana pintorearen “Liburu irekia”

Irailaren 15era arte, Carlos Quintana (Habana, Kuba, 1966) pintorearen lanak ikus daitezke Donostiako KUR galerian, Liburu irekia izenburupean. Quintanak bere estudio bihurtu du galeria, eta bertan pintatu ditu. Erakusketa Estudio irekia izeneko egitasmoaren baitan dago.

François Vallée adituaren arabera, Quintana trazu indartsuko pintorea da, kolore biziak erabiltzen dituena. “Quintana fluxudun pintorea da, pinturak gainezka egiten dio, ezerk ez baitirau bere tokian pintura honetan, ez materiek, ez koloreek, ez figurek, ez euskarriek… dena dago hankaz gora, eta eskuratzen duena, bere bisio intuitiboaren bidez egiten du”.

Hala, abstrakzioaren eta figurazioaren arteko dialektika desdoitzen du. Hala, pintura organismo misteriotsuekin osatutako izaki bihurtzen da. “Organismo bizia, koadroek dar-dar egiten dute, irradiatu egiten dute, aldatu egiten dira, flotatzen duten formak dira, bereziak, ezezagunak, isurketez, orbanez, inpresioz…. eginak. Gero koloreak loratzen dira, hedatu egiten dira, barreiatu, dilatatu eta nahastu”.

1987az geroztik, Quintanak makina bat erakusketa egin ditu, azkeneko biak AEBetan: One, Juan Ruiz Gallery, Miami eta Art Pulse, Galeria Habana, New York. Horretaz gainera, bere lanak mundu osoko bildumetan daude jasota, tartean, Lisboako Berardo Museum zentroan, New York hiriko Shelley & Donald Rubin Collection bilduman eta Londresko Alin & Diego von Buch Collection bilduman.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button