ESZENA

“Rataplan”, Barakaldoko Kale Antzerki Jaialdia

Aste osoan zehar, Rataplan Barakaldoko Kale Antzerki Jaialdia egiten ari da. Egunotan ibilbide artistiko luzeko hamabi konpainia berri agertuko dira bertako kaleetan.

“Zatozte Eskulturen parkean eta Anaien parkean izango den jaialdiaz eta Rataplanen bigarren fase honi hasiera emango dion ikuskizun ibiltari handiaz gozatzera. Berriz ere hartuko du espazio publikoa, kulturaren bitartez, ametsez eta emozioz txirikordatutako errealitatean murgil gaitezen.”

Gaur, osteguna, Latas pieza eskainiko du D´Click taldeak. Konpainiaren lanean, “beti harritzen gaituzte zirkuak dituen giza balioak eta balio eraldatzaileak. Bide eta erronka berriak deskubritzen jarraitzen dugu, arte horrekiko dugun maitasuna eta gero eta jende gehiagok ezagutu, konpartitu, ukitu, sentitu eta esperimentatu dezan gogoa areagotzen dutenak.”

Ostiralean pieza ederra ikusgai: B.O.B.A.S. (Banda Orquestal Benéfica de Actos Sepulcrales), Jimena Cavalletti taldearena. Musika-banda apal batek ehorzketa-zeremoniak antolatzen ditu, baina oraingoan apaiza eta hildakoa ez dira iristen. Hildakoa heldu bitartean entzuten diren hiru musika partekatzen dituzte familiak eta lagunek, eta itxaronaldia oso deserosoa izateaz gainera, deskalabru bilakatzen da.
Egun berean ere, Zirkozaurrek  Harreman pieza eskainiko du. Zirkua euskal musika tradizionalarekin lotzen duen ikuskizun bat da Harreman. Piezak bidaia bat proposatzen du sustraietara, identitatera. Ibilbide horretan, zirku-teknikak berrasmatzen dira, gure melodia ezagunenekin besarkatzeko eta eszena, emozioz eta konplizitatez betetzeko.

Larunbatean hiru ikuskizun programatu dira: Koilara Teatroren Espejismo, Metamorfosis de una cucharilla; Proyecto Kavaury taldearen Lullaby; eta Leo Bassi pailazoaren pieza.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button