ARTEA

Margoak leiho bihurtuta

Durangoko Museoan, Oier Anduezaren Margoak. Leihoak, Ihesak izeneko marrazkien erakusketa zabaldu da. Uztailaren 17ra arte izango da zabalik.

Museotik erakusketa zertan den, eta autorea nor den azaltzen duen ondoko testua jaso dugu: “Museo honetara sartu aurretik ikusi ahal izan dituzun mendien artekoa da Oier Andueza. Berton hazi zen, Durangon, inguruko haitzak eskalatzen, herriko gaztetxea dinamizatzen, eta irakurtzen, historiari lotutako gaien inguruan gehienetan. Margotzeko zaletasuna ez zuen beranduagora arte garatuko, dena den. 2001eko otsailean atxilotu zuen polizia espainiarrak eta, geroztik, Soto del Real Aranjuez, Teixeiro, berriz ere Aranjuez eta Murtzia II-ko espetxeetan egon da. Hartara, ibilbide honen hasieran piztu zitzaion pinturarekiko zaletasuna: espetxean eta bere kabuz. Irakaslerik eta apenas materialik barik.
“Eskuetan margoak hartzen dotazenien espetxetik ihes egiten dot”, diosku. Eta, Ho Chi Minh-ek poesiarekin egiten zuen eran, pintura erabiltzen du Oierrek kartzelari aurre egiteko, “margoak leiho bihurtu zien, barrote bako leihoak”. Bere margolanek gai desberdinak jorratzen dituzte, baina badute elementu komun bat: “Paisaia gitxi ikusiko dozue. Niri jendie margotzie gustetan jate. Begirada nahiz keinu batek mila paisaiek baino askoz be gehiau esaten doste”.
Zorionekoa da Oier, bere artearen bidez itzultzen delako herrira, eta hainbeste maite dituen lagunek eta mendiek babesten dutelako bere obra. Bere esker ona luzatzen du, eta bidaia bi norabideetan egiteko gonbitea: “nire leihoetara hurbiltzera gonbidatzen zaituet, nire ihesaldiek erun nabien leku desberdinek ezagutzera”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button