ESZENA

Barrutik ustelduta dagoen familia bat

Thomas Vinterbergen film ikonikoan oinarrituta, eta Maria Goiricelayak zuzenduta, Arriaga Antzokiak euskaraz estreinatuko du Festen obra gordina. Euskarazko estreinaldia asteburu honetan izango da, urriaren 6tik 8ra arte. Estreinaldirako Kepa Errastik euskarazko bertsioa egin du, eta Egoitz Sanchez, Mikel Martinez, Lander Otaola, Ane Pikaza, Ione Irazabal, Nagore González, Olatz Ganboa, Aitor Borobia, Kepa Errasti eta Loli Astoreka izango dira bertako protagonistak. Hilabete bat barru, azaroaren 2tik 5era, gaztelaniaz estreinatuko da Madrilgo Teatro Españolekin elkarlanean.

Festen piezak zinema irauli zuen 1998an, eta ikusleak iltzatuta utzi zituen, hipokrisiz, intzestuz eta sexu-abusuz jositako familia-istorio kezkagarri, basati eta izugarri batekin. Orain, Arriaga Antzokiak ekoitzitako muntaia hau film haren moldaketa bat da, “goi-klaseko harreman sozialetan eta familietan nagusi den hipokrisiari buruz hitz egiten diguna, gure kontzientziari kolpe bat ematen diona.”

Moldaketa honetarako, eta “eszenatokiak zinemakoa ez den beste hizkuntza eta kode mota bat eskatzen dituela jakinik, filma baino zertxobait laburragoa den ikuskizun bat sortu dute, denborak murrizteko eta eszenak dinamizatzeko ariketa nahita eginez. Testuan familiako gatazkak eldarniozko egoeretara eramatea erabaki dute, baina elkarrizketa gehienak errespetatzen dira eta une oro mantentzen da Vinterbergen jatorrizko filmaren esentzia, filmaren bihotza. Emaitza ikuskizun basati bat da”.

Aipaturikoaz gain  azpimarratu behar da obra osoan zehar kamera eskuan duen pertsona bat zaingo dela (Rut Briones, Gheada ikus-entzunezko estudiokoa). Kamera horrek xehetasun zehatzak eta eszenak zuzenean filmatuko ditu antzokiko eszenatokian, baita ikusleentzat begi bistara ikusgai ez diren tokietan ere, ekintzak gertatzen diren etxeko toki desberdinak irudikatzen dituzten lekuetan hain zuzen.

María Goiricelayak modu lizunean aurkezten den muntaia proposatzen du, eta bertan lerratuko dira hipokrisia, familiaren barruko adingabeen aurkako abusuak, goi-klasearen eragina eta boterea, gizartearen sorgortasuna, familia bera erakunde gisa eta harekin beti lotu izan ditugun balioak, etab.
“Une oro gertatzen dira gauzak, eta pertsonaiak eszenatokian eta bere espazio desberdinetan daude, beste hainbat bezala, barrutik ustelduta dagoen familia horri buruz hitz egiteko”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button