MUSIKA

The Growlers, Ayo Silver diskoetxearen hirugarren erreferentzia

Donostiako Ayo Silver kontzertu promotore eta diskoetxeak bere hirugarren erreferentzia argitaratu berri du: The Growlers taldearen Gay Thoughts / Uncle Sam’s a Dick binilozko hamar hazbetekoa. Banda kaliforniarra, gainera, Hondarribiko Psilocybenea aretoan izango da apirilaren 20an.

Ayo Silver promotoreak AEBetako eta Europako underground-eko makina bat talde ekarri ditu gurera, hala nola, Psychic Ills, Dead Ghosts eta Chain And The Gang. Horretaz gainera, Gipuzkoa aldera ekarri dituen zenbait talderen diskoak ere plazaratu ditu, Night Beats-en H-Bomb EPa eta Cosmonauts-en If you wanna die then I wanna die LPa, hain zuzen.

Oraingoan, The Growlers estatubatuarren Gay Thoughts / Uncle Sam’s a Dick hamar hazbetekoa plazaratu du Ayo Silver-ek; grabazioak agortuta dauden taldearen bi single biltzen ditu.

Taldearen proposamenari dagokionez, norbaitek Beach Goth (Hondartzako Gotikoa) etiketa erabili du bandaren estiloa definitzeko. Izan ere, surfa eta psikodelia dira taldearen ezaugarri nagusienak. Kaliforniarrak Hondarribiko Psilocybenean izango dira apirilaren 20an, eta aipaturiko disko honetaz gain, iraupen luzeko Hung at heart (Everloving/Fat Cat) lan berria ere aurkeztuko dute. Diskoa Black Keys talde ezaguneko kide den Dan Auerbach hasi zen ekoizten, baina grabazioa gehiegi ekoizten ari zela jabetu eta gero, Auerbach-en lana alboratzea erabaki zuten.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button