ARTEA

Nicolas de Lekuona margolari, argazkilari eta diseinatzaile abangoardista

Bilboko Arte Ederren Museoak Nicolas de Lekuona (Ordizia, 1913-Fruiz, 1937) margolari, argazkilari eta diseinatzaile abangoardistaren funts dokumental garrantzitsua ezagutarazi du: objektu pertsonalak, material inprimatuak, ohar-koadernoak eta marrazki-apunteak, kartoi gaineko bi olio eta gutun autografoak.

Funts dokumental hori 2019an iritsi zen museora, artistaren familiaren dohaintzari esker, eta, orain, ikusgai egongo da, neurri batean, museoak 2019an (16 argazki eta 2 fotomuntaketa) eta 2022an (10 arkitektura- eta diseinu-marrazki) erositako lanen sorta batekin batera. Gainera, Lekuonaren pintura-ekoizpenaren bi mihise enblematiko ditu: Pintura (c. 1936) eta Beatriz Lekuonaren erretratua (1935), 1981ean eta 1982an erosiak, hurrenez hurren. Era berean, Museoa aitzindaria izan da artistaren lana onartzen, hiru erakusketa gogoangarri egin baititu, 1979an, 1982an eta 1983an. Horietako bi gai honetan aditu nagusia den Adelina Moya historialariak komisariatu zituen.

Erakusketa txiki horrek “Lekuonaren interesak eta ideia artistikoak azaltzen ditu, nortasun urduri eta esperimentala izan baitzuen, eta, Gerra Zibilaren ondorioz goiz hil bazen ere, enblematikoa izan baitzen Espainiako abangoardiaren barruan.”

Diogun moduan, funtsean jasota daude familiarekin izandako posta-truke pribatua, ohar- eta marrazki-koadernoak, aipuak, ohar literarioak eta artistikoak dituzten koadernoak, Kodak argazki-kamera bi eta beste objektu pertsonal batzuk (margolari-paleta, pipak eta ikasle-txartela). Objekturik berezienen artean, Lekuonak berak egindako zortzi maskara nabarmentzen dira, bere koadro eta argazki batzuetan irudikatuta agertzen direnak.

Nicolás de Lekuona abangoardiako aktibismoan arituta, hainbat teknika eta baliabide artistiko jorratu zituen: argazkilaritza, fotomuntaketa, collagea, pintura eta marrazketa, poesia…, eta bere iruditeria pertsonalean batera uztartu zituen kubismo berantiarreko elementuak, konstruktibismokoak eta surrealismokoak. Bereziki interesgarriak dira haren fotomuntaketak: aldizkarietako argitalpenen ebakinetatik abiatu, eta paperetan kolatzen zituen, eta, batzuetan, marrazkiak eta akuarelak ere tartekatzen zituen. 1936an, Gerra Zibilean hil zen bonbardaketa batean.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button