ARTEA

Bi pasio, txirrindularitza eta argazkilaritza

Zarautzeko Photomuseumen Txirrindularitza eta argazkilaritza, bi pasio eta helmuga bat izeneko erakusketa paratu du Juan Mari Tolin argazkilariak. Apirilaren 2ra bitartean ikusgai izango dira irudi bereziak.

Juan Mari Tolinen argazki-lanak txirrindularitzari lotuta egon dira beti, eta Zarautzen paratu duen erakusketak txirrindularitzako figura handiengana hurbiltzeaz gain, argazkigintzako beste alderdi batzuk ere erakutsiko ditu, hala nola foto-finisharen aplikazioa.

Egilea 19 urterekin bere taldekideei argazkiak ateratzen hasi zen eta hurrengo urtean, 1992an, bere lehen reflex kamera erosi zuen. Bere kirol maitatuaren une paregabeak jaso zezakeen! Lehen erakusketak, sari batzuk eta aitorpenak iritsi ziren, baita prentsa espezializatuarekin edo nazioarteko agentziekin egindako kolaborazioak ere. Hori guztia, bere bilduma handituz zihoan bitartean.
2014an proiektu batean murgildu zen, eta Emoción. Fotos, vivencias y anécdotas de 20 ciclistas argitaratu zuen. Bertan, 20 txirrindulariren argazkiak, bizipenak eta pasadizoak azaldu zituen. Aurkezpena Durangoko Liburu eta Disko Azokan egin zuen.
Gaur egun, argazkilari profesional lanetan aritzen da gai anitzak landuz eta teknika desberdinak erabiliz, esaterako, dronekin aireko argazkiak ateratzen.
Kirol proba askotara hurbiltzen jarraitzen du, txirrindulari lasterketara bereziki. Azken batean, Juan Mari Tolinek bere bi grinak modu naturalean uztartzen jakin du: txirrindularitza eta argazkigintza.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button