LITERATURA

Euskal literaturaren ikusezintasunaz “Hegats” aldizkarian

Hegats aldizkariaren 51. zenbakia kalean da honezkero. Ale honen gaia Euskal literaturaren ikusezintasuna da. Gaiaren inguruan Ander Iturriotz, Inma Errea, Josu Jimenez, Maia Ixabel Etxeberria, Gotzon Barandiaran eta Iratxe Etxebeste aritu dira.

Hala, Ander Iturriotzek Ikusi, ezikusi, desikusi lanean, ikusgarritasunaz egiten du hausnarketa: “Euskal literaturaren ikusgarritasunaz hausnar egin nahi denean hiru kontzeptu jarri behar dira laborategian, hurrenez hurren: euskal, literatura eta ikusgarritasuna. Ikusgarritasunaren legeak aztertu behar dira, alegia, zerk egiten duen zerbait ikusgarri edo ikustezin eta zerk ez. Zer egiten gaituen itsu”.

Inma Erreak Ikusgarritasuna: hiru istorio izeneko testua idatzi du. Ikusgarritasuna, elkar ikusi, bizikidetza, edertasuna, alardeak, gizonak eta emakumeak hartu ditu ahotan. “Ikusgarri izan nahi dutenek –emakumeek edo hizkuntza gutxituetako hiztunek kasu– jendaurrean agertu behar dute beren burua, eta horretarako ahalegin berezia egin behar dute, ikuskizun batean aritzen direnen antzera: alardeetan, antzerkian, genero-berdintasuna aldarrikatzean, euskaraz aritzean nahiz idaztean edo nazio gisa antolatzeko orduan”.
Josu Jimenezek, bere aldetik, Euskarazko olerkariak, ikusezinak Nafarroa Garaian izeneko lana argitaratu du. “Nafarroa Garaian hezur-haragizkoak izanagatik, euskaraz poesia idazten dugunok ikusezinak gara, baita literaturazale eta idazle erdaldun elebakar anitzendako ere; salbuespenak salbuespen, euskaraz idazteak ikusezin bihurtzen gaitu.

Maia Ixabel Etxeberriak Euskal literatura ikusezina Iparraldean gaia jorratu du.  “Gaur egungo gizartean zer da literatura? Gureari dagokionez, hizkuntza gutxituen literaturak zein toki duen, hizkuntz gutxituan idaztea zer den aztertzea gai nahiko korapilatsua bada, ausardia eskatzen du”.

Gotzon Barandiaranek Idazlea galdu da ahaire baten lanbropean izenburuko testua ekarri du Hegatsera. Bertan poetek eta musikariek izan duten harremana jardun du: “Poeta eta musikaria euren garaiko kronistak dira, gezurrik kontatu ezinak edo egia ostendu beharrak erasaten ez dituen historialarien arau deontologiko estuetatik salbu, garaiko herrikideen bizipenei kantatzeko mandatua sentitzen dutenak, herriaren ahotsetako bat, isilarazten dituztenen bozgorailua, zapalduen protesta, desagerrarazi asmo duten hizkuntza menostuaren aldarria”.

Azken orriotan, Iratxe Etxebestek Anjel Lertxundiri egiten dion elkarrizketa zinez interesgarria dator.

Alea irakurri nahi baduzue, egin klik hemen.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button