ESZENA

Arte eszenikoei keinua Gernikan, euskarazko antzerki ikastaroekin

Keinu, Antzerkira hurbilduz ekimena ondu dute Gernikan hurrengo hiru asteburuetan.  Antzerkiaren abenturan murgiltzeko gogoz dabilen orori zuzenduta, arte eszenikoen mundura lehen pausua emateko euskarazko tailer trinkoak proposatzen dira bertan, antzerkia jolas moduan euskara hutsean lantzea baita ekimenaren erronka nagusia.

Artedramak eta Kultur Etxea Fundazioak elkarlanean ondu dituzten ikastaroak dira, eta datorren azaroaren 16 eta 17an hasiko dira. Lehena, Sorkuntzaren bide askeetan barrena izenburupean, Amançay Gaztañaga, Kamikaz Kolektiboko kideak eskainiko du. 15 urtetik gorakoeni zuzenduta, goizeko 10:00etatik 13:00etara arteko ordutegia izango du bi egunetan eskainiko den ikastaroak.  Bertan, “kontatu nahi duzuna eta kontatu nahi duzun hori nola kontatuko dezakezun  ikasiko da, beharrezkoak diren lan-tresnak eskuragarri jarrita”.

Bigarren tailer trinkoak Jon Ander Urresti izango du gidari, eta azaroaren 30 eta abenduaren  1eko asteburuan garatuko da. Etxeko txikienei zuzendutakoa izango da Espazioa Jokatuz ikastaroa, gaztetxoenek antzerkiari keinu egin diezaioten. “Espazioan egon, mugitu eta transformatzeko bidaia honetan jolasaren plazerraz baliatuko gara bakoitzak duen animalia eszenikoan murgiltzeko eta ezagutzeko”, azaldu du Urrestik, egun Horman Poster kolektiboarekin proiektu bat eskuartean duen artistak.

Eta hirugarren ikastaroa, 18 urtetik gorakoei  zuzenduta, Antzerkia Biziz, abenduaren 14an eta 15ean, Ander Lipus Artedramako antzezlearen eskutik. Ordutegia: goizeko 10:00etatik, 13:00etara bi egunetan. Antzerkia plazerez bizitzea du helburu tailer honek. Talde-lana eta aktorearen autonomia izango dira tailer honek jarraituko dituen ildoak. “Mekanika eta adierazpide ezberdinen ikasketek aktorearentzako erreminta mekanikoak izateko balioko dute, gero, aktoreak bere ahotsa eta gorputza espazioan landu ditzan”, argitu du Lipusek.

“Errotik gorantz datorren keinua, ahotsa, gorputza, zeinua …  jorratuko dira ikastaroetan,  jolasa, irudimena eta sorkuntza baliatuz”, azaldu dute antolatzaileek. Eta ildo beretik, gaineratu dutenez, “Gernika eta inguruetako antzerkigile, antzerkizale eta etorkizuneko aktoreei, antzerkiaren abenturan euskaraz  murgildu eta diziplina horretara gerturatzeko aukera eman nahi die ekimenak eta, Keinuri esker, antzerkiaren transmisioa, unibertsoa, aldarrikapena orain eta hemen garatu nahi dugu”.

Arte eszenikoen mundura lehen pausua emateaz gain, gainera, antzerkigile ezberdinen begirada ezagutzea du helburu ekimenak. Saio hauetan, hortaz, ikasle bakoitzak bere sormenezko unibertso propioa eraikiko du, antzerkiak dituen forma guztiak ezagutzeko aukera eskainiz ikastaroetan izena ematen dutenei.

Ikastaro guztiak Gernikan bertan, Elai Alai Aretoan izango dira. Bertan parte hartu nahi duenak baina, aurrez izena eman beharko du Artedramak duen webgunean. Azkar ibili, lehen ikastaroa hastear dago eta!

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Cookie propioak erabiltzen ditugu, bai eta hirugarrenen cookieak ere, zure nabigatze-esperientzia eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartutzat joko dugu.Ikusi cookien politika.

ACEPTAR
Aviso de cookies
Tresna-barrara saltatu