EZLEKUBAT

Odolaren Mintzoa: “Edertasuna sinpletasunean dago”

Gazteak dira eta indartsu datoz musikaren munduan, eta gaztaroa musikaren aroa da eta musika da Odolaren Mintzoaren adierazpide naturalena. Usurbilgoak dira eta sei kantuko lan homonimoa argitaratu berri dute: sei kantuko disko txiki bat. Lagin xume bat, taldearen ahalmen ikaragarriaren erakusgarri. Titulu sinpleen kantak burutu dituzte gazteek: Ezberdinak, Bakarrik ere, Betirako, Askatasunerantz,… askatasunaren beharra, maitasuna, zinezko sentimenduak eta bizi-nahia azaleratzen diren letrak. Luken Arkarazo gitarra jotzaile eta abeslariarekin hitz egin dugu taldearen  berri izateko.

Noiz eta nola sortu da taldea?

Taldea 2004 inguruan sartu genuen. Inongo intentzio zehatzik gabe.  Denok herrikide, ikastola kide eta lagunak izanik, biltzea oso erraza egin zitzaigun. Hasiera batean, Jokinek (bateria-jolea) gitarra jotzen zuen Joanes (baxua) eta nirekin batera. Ondoren, Beñat batu zitzaigunean, Jokin izan zen bateria jotzen hastea erabaki zuena. Orduantxe sortu zen Odolaren Mintzoa. Elkarrekin ikasi dugu dakiguna egiten, instrumentuak jotzen, abesten eta konposatzen. Hasiera batean bertsioak jotzen genituen, RRV-ko abestiak gehienbat. Pixkanaka garatzen joan gara, eta gaur egun eta aspalditik geure abestiak jotzen ditugu.

Diskoaren sei kantuak entzun ondoren, hardcorea egiten duzuela esango nuke, baina erritmo-aldaketa askorekin egindako kantuak dira…

Bai bueno… klaketa gabe grabatzearen ondorioak… kar, kar. Ez baina, duda barik, erritmo aldaketa eta paroiak geure abestien ezaugarri esanguratsuenetariko bat dira.

Batez ere, gitarren jolasetan nabaritzen dira aldaketa horiek;  gitarra horien soinua lortzeko lan handia egin duzue estudioan? Nola lortu duzue soinu hori?

Ez pentsa. Nahiko argi genuen lortu nahi genuen soinua. Peavey 6505 anplifikadorearekin grabatuak izan dira ia guztiak eta Gibson Les Paul eta Explorer gitarrekin.

Dena dela, melodiek ere protagonismo handia dute…

Erabat ados: melodiek sekulako garrantzia dute. Geure musikaren funtsa melodien goxotasunaren eta instrumentuen gogortasunaren arteko talkan dagoela esango nuke. 

Elementu guzti horiek oso ondo lotuta daude doinuetan. Ekoizlearen lana zenbateraino izan da garrantzizkoa? Ekoizlea Kaki Arkarazo izanda, eta zu bere semea, nolakoa izan da ekoizpen lan hori? Erraza? Zailagoa lotura horregatik?

Ez da Kakirekin lan egin dugun lehen aldia , ezta bigarrena ere. Alde horretatik etxean aritu gara. Aita-seme rolak eragina izan badu, ez da sekula txarrerako izan. Bere lanak noski garrantzi handia izan du, asko lagundu digu soinu definitu bat bilatzerako orduan. Baina bere eraginik handiena kanten sinplifikazio prozesuan egon dela esango nuke. Edertasuna sinpletasunean dagoela erakutsi digu.

Odolaren Mintzoan, Berri Txarrak bezalako talde garaikideen eragina sumatzen dut, baina baita bestelako hardcore pizti klasikoen oihartzunak ere. Ados zaude? Talde garaikideak soilik entzuten dituzue?

Egia esan, ez dut Odolaren Mintzoa hardcore-arekin sekula lotu. Taldekideok ez gara sekula hardcore zaleak izan. Rock,metal, pop alternatiboaren inguruan kokatuko nituzke geure buruak. Berri txarrak, Kauta, Sen… bezalako euskal taldeen kutsua dugula ez dut ukatuko. Entzuten dugun musika oso-oso anitza da, gaurko zein atzokoa, kanpokoa zein bertakoa. Batzuk aipatzearren,Euskal Herrian Itoiz eta Errobi erreferentetzat ditut. Kanpora begira, berriz, pop anglosaxoia(U2, The Police, Coldplay..) edota 70 eta 80ko rocka (Led Zeppelin, The Ramones,The Clash…). Azken finean, taldekide bakoitzak bere gustuak ditu, eta hori nolabait, abestiak egiterako orduan musikan islatzen da.

Formula horretatik gehien urruntzen den kantua Betirako da; rock eskemetara gehiago hurbiltzen den kantua da: diskoak arnasa hartzeko beharra zaukan horrenbeste energiaren artean?

Nik pertsonalki,  ez nuke betirako beste zaku batean sartuko. Egia da riff metalero horrek abestia pisutsua eta bortitzagoa bilakatzen duela, baina eskema orokorrari begira, ez dut Gaua, Mirabe edota Ezberdinak kantuetatik urrun ikusten. Ordea, Askatasunerantz eta bereziki Bakarrik ere bai, aldentzen direla diskoaren esentzia melankoliko ilunetik. Zantzu poperoago bat dute. Ahotsen armoniak batez ere bigarrenean, Oihana Arsuagaren kolaborazioarekin, landuagoak dira. Ahotsaren protagonismoa gailendu egiten da nabarmenki bi horietan. Gainera musikalki ere bi kantu hauek nahiko alaiak dira, besteekin gertatzen ez den bezala. Nolabait esatearren, komertzialenak dira.

Lehenengo grabazio honetarako, iraupen laburreko diskoaren formatua hautatu duzue. Zergatik? Taldeek, sarritan, disko luzeegiak egiteko joera dute…

Disko laburraren ideia Oihukarekin egin genituen negoziaketetan atera zen. Ondorioztatu genuen, aurkezpen disko bat egiterako orduan, aukera onena 5-6 kantuetako disko bat kaleratzea zela. Lagin txiki bat, gure abesti indartsuenak baturik, “toma de contacto” gisara, jendeak ezagutu gaitzan. Noski, helburua epe ertainera disko luze bat ateratzea izango da. Ados nago, bestetik, talde askok diskoak “bete” egiten dituzte, 10-12 kantuen bila. Hobe gutxi izan eta maila mantendu, asko sartu eta gorabeherak egotea baino.

Nolako harrera izan du diskoak? Pozik zaudete emaitzarekin?

Oso pozik gaude diskoak izan duen harrerarekin. Salmenta urria izango zela argi genuen, ez dago besterik. Baina zuzenekoetan diskoak saltzen ari gara (5 euro balio ditu) eta hilabete gutxitan Mirabe kantuaren bideoklipak 5.000 bisita inguru izan ditu. Kontzertuak ematen ari gara eta badira gure abestiak ezagutzen dituztenak ere. Poztekoa da!

Noizko iraupen luzeko diskoa?

Auskalo, aurreikuspenak egiten hasiz gero, datorren urte amaiera ez dago urruti. Abestiak baditugu. Baina orain diskoa atera berritan Euskal Herrian zehar zabaldu nahi dugu. Honekin lortzen dugun zeresanak eragina izango du datorrenean.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button