ARTEA

“Bosteko 2017” erakusketa, Arrigorriagan

Urriaren 2tik 22ra bitartean, Arrigorriagako Udaleko Euskaldun Berria erakusketa-gelan, Damaris Pan, Usoa Fullaondo eta Taxio Ardanaz artisten obrek osatzen duten Bosteko 2017 erakusketa ibiltaria ikusgai izango da. Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailak bideraturiko bost udaletako bost erakusketa-gelek koordinatutako erakusketa da honakoa.

Zornotzatik pasa ostean, Arrigorriagara iritsi da Bosteko 2017 erakusketa ibiltaria, eta gero, Basauri, Leioa eta Getxotik igaroko da. Ekimenak erakusketa didaktikoa eta publikoarentzat ulerterraza izan nahi du, eta artista guztien lan oso adierazgarriak sustatu. 2017ko XX. edizio honetan Damaris Pan (Mallabia, 1983), Usoa Fullaondo (Getxo, 1979) eta Taxio Ardanaz (Iruñea, 1979) artisten lanak ikusgai daude.

Espazioak trantsizioan, pintura-lurraldeak da aurtengo talde-erakusketaren titulua; izan ere, Iker Serrano Robles komisarioaren hitzetan “hautatutako artista bakoitzaren obran eta hiru artisten baturan elkar lotzen diren bi oinarri (edo kontzeptu) nagusiak batzen dira. Pinturaren inguruan lan egiten duten hiru artista aukeratu ditu, horrenbestez, pinturaren lurraldekoak dira. Euren lanaren bitartez, bisitatzen dituzten tokietako historiari buruz hitz egiten digute, espazioaren, denboraren eta egunerokotasunaren ikuspuntutik. Azken finean, margolariaren begiradaren bidez istorioak kontatzen dituzte, non sentimenduek iraganean bizitako esperientziak berpizten dituzten. Bertan, lurraldeak motibo bilakatzen dira, irudikapenera iristeko eta den-dena artelan bilakatzeko”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button