ARTEA

Aitor Ortiz artistaren lanak Alemanian

Munich hiriko Nusser & Baumgart galerian Aitor Ortiz (Bilbo, 1971) artistaren irudiak ikus daitezke maiatzaren 5era bitarte. Bertan, azken hamarkadan egindako lanak eta instalazio bat paratu ditu. Azken hori iaz Guggenheim Bilbao Museoan egindako Laborategiak Bilduma Iraunkorrari begira erakusketan paratu zuenaren antzekoa da.

Aitor Ortiz Euskal Herriko argazkilaririk entzutetsuenetarikoa da eta nazioartean ere oso ezaguna da. Haren obra arkitekturari eta espazioaren azterketari oso lotuta dago, hortaz, argazkigintzaren, arkitekturaren, eskulturaren eta argiaren elementuak batzen ditu. Obrek paisaia misteriotsuak islatzen dituzte.

Rosa Olivaresek Alemaniako galeriarentzat eginiko oharrean adierazten denez, argazkilari bizkaitarraren abiapuntuak eraikinak dira. Hasierako lan batean bikoiztu egin diren egiturak dira, errepikatu egin direnak, existitzen ez diren espazioak sortzeko. Hala, ateak, korridoreak edo eskailerak labirinto batean eraldatzen ditu eta beste toki batera eramaten gaituzte, bere obra post-surrealismotik edo post-futurismotik gertu daudela esan daiteke. Eraikin fantasmagoriko edo misteriotsu horiek, baina, errealak dira, eta haien testuinguruan kokatuta daude.

Erakusketarekin loturiko informazio guztia Munich hiriko Nusser & Baumgart galeriaren webgunean kontsulta daiteke.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button