ARTEA

“HAU” Euskal Herriko objektu tradizionalen diseinu lehiaketa

Bitamine Faktoriak pandemiak eragindako etenaren ostean, laugarrenez antolatu du aurten HAU Euskal Herriko objektu tradizionalaren diseinu lehiaketa. Txokolate-ontzia izan da edizio honetan aukeratutako objektua eta gaurtik aurrera San Telmo Museoko gastrokultura gunean ikusgai izango dira lehiaketan parte hartu duten lanetako batzuk, horien artean June Lizaso Odriozola eta Marta Loidi Urquizuren Nahua irabazlea.

HAU lehiaketak “gure esperientzia etnografikoaren aztarnak berreskuratzen ditu, diseinuaren jardunaren bitartez, tradizioaren eta garaikidetasunaren arteko loturak sendotze aldera. Artisau diseinuaren errespetua eta aitorpena gaur egungo industria-diseinuak duen esperimentaziorako gaitasuna eta ahalmena uztartzen ditu.”

Esan dugun bezala, June Lizaso Odriozolak eta Marta Loidi Urquizuk aurkeztutako Nahua proiektuari eman dio epaimahaiak saria. “Objektuaren teknika, funtzio eta formari lotutako alderdiak trebeziaz eta sentiberatasunez uztartzen ditu Nahuak. Lengoaia aberatsa antzematen da diseinuan, ezaugarri nabarmenetako batzuk egungo usadio eta ohituretara egokitzen baititu, jatorrizko objektuari ere doituz. Ezaugarri horiek guztiek proiektuari balioa ematen diote, hartara bideragarri egiten dute merkatuan sartzea, egungo industria-irizpideen arabera.”

Epaimahaiak aurkeztutako proiektuak balioetsi ditu, guztiak oso maila onekoak izan baitira.

Epaimahaiak sari bakarra emango du, 1.000 euro. Bestalde, epaimahaiak diseinu nabarmenenak ere hautatu ditu, San Telmo Museoko gastrokultura gunean ikusgai izango direnak ekainaren 29tik irailaren 30era.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button