ESZENA

Lekeitioko kale-antzerki jaialdiaren 25. edizioa

Lekeitiok urtero antolatzen duen Nazioarteko Kale-antzerki Jaialdiak 25 urte beteko du aurten, eta Quebec, Argentina, Frantzia eta Euskal Herriko taldeekin ospatuko da uztailaren 11, 12 eta 13an.

Jaialdiak berak bere ekoizpen propioak sustatu ditu azken urtetan zehar, eta horiexek izango dira jaialdiaren ardatz. Danbor Talka–Le Choc des Tambours izan da lehena eta handiena, eta Libourneko Arte Festarekin elkarlanean eginiko ekimena da. Bertan bi jaialdi elkartzen dira, Libourne eta Lekeitio eta era berean, bi konpainia, Commandos Percu eta Deabru Beltzak.
Lan ikusgarri eta izugarri horretan, perkusioa eta sua bateratzen dira. Formatu handiko ikuskizun horrek Lekeition estreinatu ondoren Europako jaialdirik garrantzitsuenetan ibiliko da.

Lekeition estreinatuko den beste lan interesgarri bat Itsaslaboa. Txoriak: zoroen itsasoa izango da. Orain dela bi urte, Sarrionandiaren poema musikatuak hartu eta hondartzan dantza bilakatzea nahi izan zuten Lekeitioko kultura eragileek, eta handik sortu zen Sarritsaso.
Orain, bigarren urratsa eman nahi izan dute, eta hortik etorri da Itsaslaboa. Txoriak Zoroen Itsasoan. Mikel Laboaren kantak, hondartza eta dantza. Koreografiak Donostiako Dantzaz konpainiaren Iñaki Mujikaren esku egon dira, eta diogun bezala, orain dela bi urteko Sarritsaso ikuskari arrakastatsuari jarraiki, itsasertzean hondartza gaineko dantza garaikidea eta hunkigarria estreinatuko dute Lekeition.
Hortaz, lan berri honetan Mikel Laboaren musika, Iñaki Salvador musikariaren pianoa eta dantzari askoren partaidetza bildu da: Lionel Ah-Sou, Carmen Derré, Garazi Etxaburu, Stefan Fredriksen, Jorge Gálvez, Fem Rosa Has, Alicia Navas, Valentina Pedica, Martxel Rodriguez, Josu Santamaria, Marina Scotto, Beñat Urretabizkaia.

Eta hirugarren produkzioa Gure Musikari Handiak. Aupa Maurizia! izenekoa da. Bizkaiko Arratia bailaran hasi zen ekimena. Bertan hiru txotxongilo erraldoi eraiki zituzten: Arratiako Trikitixako perlak Maurizia, Leon eta Fasio. Ekainean beste bi txotxongilo etorri dira, Gipuzkoako bi txalapartari historikoarenak, Zuaznabar eta Goikoetxea, hain zuen ere. Horrela, gure herri-musikaren historian garrantzi handia izan duten musikariak berreskuratu eta kaleratuko dira berriz.

Horiez gain, Izertia Itsas Antzertiola taldeak Andere Juana eta Argonautak lana eramango du Lekeitiora. Txikienen animazioan Eidabe taldeak jarriko du  Sardina Freskue lanarekin.

Clown diziplinaren barruan, Salitreren Gozo Gozo Gozo eta Loco Bruscaren Speerman Retourns izango dira umore suntsitzailea ekarriko duten hitzorduak.

Azkenik, Tout Samba’l talde aipagarriak Exilod kalejira poetikoa egingo du, eta  Quebec herrialdeak duen talderik interesgarriena ere Lekeitioko kaleetan agertuko da: Mr Banana.

Informazio guztia, hemen.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button