ESZENA

“Dantzan Bilaka” programaren VIII. edizioa

Atzo, Bilboko Alondegian Dantzan Bilaka programaren 8. edizioa aurkeztu zen. Dantzan Bilaka programa hau, zehazki, ikus-entzuleei beren lanak erakutsi nahi dizkieten koreografo hasiberriei zuzenduta dago.

Dantzan Bilaka programan parte hartzen duten sortzaileak aukeratzeko, koreografia-ikerketarako diru-laguntza deialdia egiten da urtero. Diru-laguntza emateaz gainera, sorkuntza-prozesuaren jarraipen artistikoa eta teknikoa ere egiten zaie hautagaiei, beren sormen-prozesuetan. Hala, proiektuak aurkezteko topaketa bat egingo da aurrena, eta lanak mahai-gaineratzeko eta haien inguruan hitz egiteko beste bat, gero. Nork bere proiektua, bere ideiak, proiektua zer fasetan dagoen, nondik eta nola lan egin nahi duen eta abar azalduko du. Gero, hirugarren topaketa bat egingo da, lanak eszenaratzeko, prozesuaren edozein fasetan egonda ere.

Orain prozesu horren guztiaren emaitzak ikusteko garaia heldu da. Hala, Dantzan Bilaka programaren ekitaldi honetan parte hartu duten koreografoen lanak Euskal Herriko hiriburuetako formatu desberdineko espazioetan izango dira ikusgai.
AlhóndigaBilbaon izango da lehen hitzordua urriaren 10ean, 20.00etan, eta bertan María Ibarretxek Pink Flamingos, Crazy Horses, Izaskun Lapazak Ehundurak, David Guerrak Outline eta Atxarte López de Munain K-T lanak eszenaratuko dituzte.

Hurrengo saioa, Gasteizko Baratzan izango da, urriaren 12an,  19.00etan, Amparo Badiolaren Amalaba (Palabras Invisibles, María Ibarretxeren Pink Flamingos, Crazy Horses eta Idurre Azkueren Bailar Por Bailar lanekin.

Azkenik, urriaren 19an,  Donostiako Gazteszenan, 19.00etan, Ziomara Hormaetxek Symbiosis egingo du, Judith Argómanizek Hooked eta María Martín-Judit Ruizek …To Be Continued…

Lan hauek zertan diren jakin nahi baduzue, klik egin hemen.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button