ARTEA

Naturaren altxor sentsoriala

Javier Esquiroz artistak Irunberriko arroilaren formak izeneko erakusketa paratu du Iruñeko Ziudadelako Mistoen eraikinean, martxoaren 10era arte.

Katalogoak jasotzen duen bezala, proiektu zabala da, “Irunberriko arroilak bere erraietan eskaintzen duen altxor sentsoriala agerian uzten diguna, baina, era berean, bere aurrean gelditu den subjektua nor den adierazten duena, hura bere sormenaren motor bihurtu arte erabiliz”.  Eta horretarako Javier Esquiroz artistak hainbat euskarri, teknika eta formatu erabili ditu, neurri handiko mihiseetatik hasi eta lan txikiagoetara, “non akuarelak, tinta txinatarra, akrilikoa, grafitoa eta egur gaineko olioa konbinatzen baititu”.

Lanen nondik norakoaz honakoa aipatu dute: “Figuraziorako joera argia duten lanak, errealitatearen zatitxoz eginak, batzuetan itxuragabetu egiten dira, hain errealistak ez diren eta abstraktuagoak diren pintura-unibertsoak sortzeko”.

Katalogoan ere Leire Olkotz eta Carmen Nadalen testuak daude. Lehenak honela definitzen du egilea: “behatzailea, analista, kritikoa, bizinahia, urduria, gogotsua eta, batez ere, sortzailea. Horregatik da hain bikaina bere lana, mimatzen duelako, pintzelkada espresionista eta materikoenetik hasi eta xehetasun txikieneraino”. (…) “Bilduma berri honetan, formak lurraren arraseko unibertso natural baten protagonista gisa agertzen dira. Irudi indartsuak, non xehetasunak funtsezko protagonismoa hartzen baitu. Enkoadraketa laburrak, oso fotografikoak, artista plastikoak bakarrik eman dezakeen kategoria batera igotakoak”.

Javier Esquiroz artistak bere lehen erakusketa 1973an egin zuen Tafallan, eta ordutik hona makina bat tokitan erakutsi ditu bere lanak.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button