MUSIKA

“Zizurkil Blues Gaua”, larunbat honetan Zizurkilen

Otsailaren 4an, Zizurkil herria blues doinuez beteko da Zizurkil Blues Gaua ekimeneko kontzertuei esker.

Zizurkil Blues Gaua 20. ediziora heldu da. Aurreko bi urteetan kanpoan egin bada ere aurten bere jatorrizko formatura bueltatuko da, hau da, tabernetara. Horrela, aurrekoetan izandako arrakastaren bidetik, otsailaren lehen asteburuan musika beltzaren moldeen hotsak entzuteko parada izango da Espainia, Galizia, Katalunia eta Euskal Herriko musikariekin. Kontzertuok era akustikoan eta elektrikoan garatuko dira, “bakoitzak bere onena eskainiz”.

Biharko gauan Bartzelonako Johnny Bigstone& Sweet Marta arituko dira 19:00etan, Atxulondon. Biek blues amerikar musika tradizionaleko bikote akustikoa osatzen dute, eta generoaren maisu handien bertsioak egingo dituzte.
Itziar Yagüe Blues 4et ere bertan izango da, 22:30ean, Pasus aretoan. Musikari horrek dioen bezala, “hamar edo hamabi urtez Madrilgo lokalen zirkuituan ibili naiz, beti musika afroamerikarrari lotua. Niretzat, soula, funka, jazza ez dira konpartimentu itxiak, denek dute bluesa jatorri”. Hortaz, Blues, rock & blues, soul eta gospel ikuskizunak ekarriko ditu Zizurkilera Itziar Yagüe blueswoman gasteiztarrak..

Eta azkenik, Adrián Costa  & Julian Maeso arituko dira 24:00etan, Egarri tabernan. Bere zuzenekoetan zein bere abestietan, gitarra sutsu batekin eta soulez beteriko ahots batekin, New Orleanseko kale-musikarienganako eta amerikar musikako pertsonaia handienganako darion miresmena antzematen da (Fats Domino, Lowell Fulson edo Johnny Guitar Watson). Julian Maeso ibilbide luzeko musikaria, azken urteetan ospe handia lortutakoa. Bere errepertorioan agerian geratzen da egilearen musika ezagutza entziklopedikoa. Musika beltza  barneratuta izanik,  handik abiatuta 70eko hamarkadako blues musikara hurbiltzen da. Kantuetan blues-rock, country, funk eta jazz doinuak zabaltzen ditu. Julián Maeso beti egon da artista handiek inguratuta, beti zuzeneko emanaldi gogoangarriak eskaintzeko xedearekin.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button