
Maria Altuna, Izaro Glez. Ieregi, Lierni Esnaola, Mikela Cueli eta Ustaritz Betelu artistek osatu zuten joan den azaroan Zirkunferentzia kurba itxi bat da izeneko erakusketa. Donostian eman zuten ezagutzera eta hainbat tokitan izan da. Orain Baionako Point 8 galerian egingo dute erakusketa hau otsailaren 22ra bitartean.
Zirkunferentzia kurba itxi bat da erakusketa “artetik, feminismotik eta sormenetik borobildutako proiektua da”, Ustaritz Beteluk idatzi zuen bezala,: “Emakume artistez osatutako talde bat sortzearen ideia, orain dela 10 urteko gauza da. Asetzeke zeuden beharrei aurre egiteko. Gure arteko sinergiak bilatu, eta artearen inguruan hausnartzeko esparrua sortzeko. Hala ere, Leitzako topaketetan (2012) izan ginen Bilgune Feministarekin elkarlanean. Suertatzen ziren arazoei aurre eginez onarpen handia izan zuen erakusketa eta tailerra antolatu genituen. 60 emakume inguruk parte hartu zuten gure proiektuan. Piruletak jaten genituen bitartean performance eta ideia paregabeak eraikitzen joan ginen eztabaida ireki batekin amaituz.
Eta aurrera jarraitzea erabaki genuen, formatu berdinari, edo antzekoari, eutsi eta leku ezberdinetan aurkeztea. Horrela heldu da Zirkunferentzia kurba itxi bat da erakusketa Donostiako Emakumeen Etxera. Ilusio handiz. Taldeak aldaketak izan baditu ere, funtsean nahi eta behar berdinei erantzuten dielako”.
Talde honek, gaur egungo arte sistema honetan ez du lekurik topatzen, eta hala, artista jenioaren ideiatik aldentzen da, artistak izan behar duen ardura sozialean sinesten dutelako. Ohartuta daude euren lanek ikuslearengan, jendartearengan, izan dezaketen influentziez eta horregatik, ikusle eta artistaren artean ematen den hartu-emana indartu nahi dute.