IKUS-ENTZUN

“Zinexit”, Zine eta Giza Eskubideen gaineko erakustaldia

Zinema eta Giza Eskubideen Zinexit zine-erakustaldia Bilboko Golem zine-aretoetako pantailetara itzuliko da berriz, joan den urtean antolatu gabe gelditu ostean. Betiko helburuari helduko diote: “duintasunaren eta oinarrizko eskubideen errespetuan oinarritutako bizikidetza bultzatzea, zazpigarren artea tresna gisa erabiliz”.

Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen, Biktimen eta Aniztasunaren Zuzendaritzak antolatzen duen Zinexit Erakustaldiaren XI. edizioa azaroaren 22tik 26ra bitartean izango da Bilboko Golem zine-aretoetan, baina lehenago Zinexit Topaketak antolatu dira.
Topaketa horien baitan, bihar, urriak 5, Golem zine-aretoetan Mikel Zabalzaren desagertzeari eta heriotzari buruzko Non dago Mikel?  dokumentala proiektatuko da. Hitzordua, Azkuna Zentroko Golem Alhondiga zine-aretoetan (4. aretoa) izango da, 19:30ean.

Filma Amaia Merinok eta Miguel Angel Llamasek idatzi eta zuzendu dute, eta “terrorismoaren aurkako operazio baten barruan beste pertsona batzuekin batera Mikel Zabalza autobus gidari gaztearen atxiloketa kontatzen du. Gainerako atxilotuak aske utzi zituztenean, modu basatian torturatu zituztela salatu zuten. Baina Mikel falta zen. Agintariek ihes egin zuela argudiatu zuten, eta bizirik aurkitzeko itxaropena desagertzen ari zen bitartean, Euskal Herriko kaleak sutan zeuden Non dago Mikel? oihukatuz. Mikel Zabalzaren heriotzaren arrazoiak eta inguruabarrak zehazteko zailtasuna eta Espainiako agintarien utzikeria judiziala eta oztopoak batuta, 36 urte geroago ez da inor bere heriotzaren arduradun gisa epaitu, eta ez da jakin benetan zer gertatu zen”.

Filma Gorka Izagirre kazetariak aurkeztuko du, eta ondorengo solasaldian Idoia Zabalzak, Mikelen arrebak, hartuko du parte.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button