IKUS-ENTZUN

Bi asteko epea dago oraindik "Gaztezulo"-ren bideo lehiaketan hartzeko

Lehiaketan parte hartzeko aurkeztuko diren ikus-entzunezko piezek Hi eta hire munduak gaia izango dute oinarri eta urriaren 1etik azaroaren 15era bitarte igo ahal izango dira sarean dauden plataforma ezberdinetara eta aldizkariaren webgunera. Irabazleak 1.500 euro poltsikoratuko ditu.

Bideo-lanek gutxienez minutu 1 eta gehienez 3 minutuko iraupena izango dute eta urriaren 1etik azaroaren 15era bitarte sareratu beharko dira. Parte-hartzaileak 16 urtetik gorako gazteak izango dira. Bestalde, bideoan 16 urtetik beherako neska-mutilik agertuko balitz, ezinbestekoa litzateke guraso edo tutoreen baimena izatea.

Pertsona bakoitzak nahi beste lan bidal ditzake. Bideoak Euskaltube-ra edo Youtube-ra igo Behar dira eta linka gaztezulo@gaztezulo.com-era bidali behar da, honako datu hauekin batera: parte-hartzaileen izen-abizenak, jaiotze-data, helbidea, ikasleak izanez gero non ari diren ikasten, eta telefonoa, bideoaren titulua eta deskribapena. Ez da antolatzaileen ardura izango bideoak Youtuben edo Euskaltuben gaizki ikustea, arazoren bat izanez gero. Bideoak Gaztezulo-ren web gunean ere jarriko dituzte ikusgai, eta baita Facebook-en.

Bideoak euskaraz izan behar du. Aurkezten diren bideoek originalak eta argitaratu gabeak izan behar dute. Ez da onartuko aurrez beste lehiaketaren batean aurkeztutako lanik. Jaso ahala sareratuko dira lanak. Hala ere, antolatzaileek beren gain hartzen dute bideo batzuk lehiaketatik kanpo uzteko eskubidea (giza eskubideen kontrakoak direla uste badu: bortizkeria, irainak, arrazakeria, sexismoa edota errespetu falta ez dira onartuko).

Sariei dagokienez, bideo onenaren egileak 1.500 euroko saria jasoko du. Horrez gain, Donostiako Euskararen Hiria Bideo Saria ere izango da: Donostian bizi edo ikasten ari diren parte hartzaileen artean aukeratuko du saritua. Saria tresna informatikoak edota ikus-entzunezkoak erosteko 1.000 euroko bonua izango da.

Gaztezulok bidalita

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button