
Zinema Euskaraz programari esker, Euskal Herriko lau zinematan, gaurtik aurrera, Ipuin-herriko berriak filma izango da ikusgai. Jens Moller-ek eta Freek Quartier-ek zuzendutako film holandarra Las crónicas de Fabulandia haurrentzako telesailean oinarrituta dago, eta orain euskaraz ikusi ahalko da gure lurraldean, honako aretoetan: Golem Alhóndiga (Bilbo), Multicines 7 (Circuito Coliseo Bilbao), Niessen (Errenteria) eta Antiguo Berri (Donostia).
Ipuin-herriko berriak filmarekin dagoeneko bost dira Zinema Euskaraz programak itxialdiaren ondoren estreinatu dituen pelikulak: Bihurri, Koko, dragoi txikia oihanean, Startdog & Turbocat eta Dragoiaren gidaria.
“Datu horrek agerian uzten du Zineuskadik euskal ikus-entzunezkoen sektoreari laguntzeko hartutako konpromisoa. Izan ere, kontuan izan behar dugu sektore honi COVID-19aren pandemiak behartutako geldialdiak gogor eragin diola. Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak pelikulak bikoiztea bultzatzen du haur eta gazteentzat, eta euskara sustatzen du zinemagintzan. Testuinguru horretan, berriro jarri da martxan Zinema Euskaraz programa, zinema-aretoetan normaltasuna berreskuratzen laguntzeko, familiei zuzendutako eduki erakargarria eskainiz”.
Azken lan horrek honakoak kontatzen du: Hontz jaunak, bere zuhaitzera igota, Ipuin-herriko berriak egunkaria irakurtzen du goizero. Bertan, Ipuin-herrin gertatzen diren istorio zoragarriak kontatzen dira, baina, batez ere, herriko biztanle guztien ezuste, haserre, esperientzia eta emozioen berri ematen du egunkariak. Clara andereñoak, Bele jaunak eta gainerako lagunek kuadrilla dibertigarria osatzen dute. Nahiz eta batzuetan iritzi ezberdinak izan, asko zaintzen dute elkar.