
Euskadiko Filmategiak Zinema eta Zientzia zikloaren bederatzigarren edizioa jarri du bidean. Edizio honek gizatasunaz, naturaz eta etorkizunaz hausnartzea proposatu nahi du, eta “betetzear du hamar urteko ibilbidea, sinpletasunez eta ekimen honen aldeko maitasun handiz, baina baita serioski ere, nahiz eta umorerik galdu ez. Hala, Irakasle zoroa (The Nutty Professor, Jerry Lewis, 1963) proiektatuko dugu. Dena baitago konektatuta.”
Hain zuzen ere, aste honetan, The Nutty Professor (Jerry Lewis, 1963) filmaren txanda izango da. “Julius Kelp kimikako unibertsitate-irakasle baldar bat da, nahiko zoritxarrekoa bizitza sozialean. Edabe baten formula asmatzen du, eta, edaten duenean, erabat bestelako pertsona bilakatzen da: gizon interesgarri, dotore eta erakargarri bihurturik, Buddy Love deitzen dio bere buruari…”
Bihar, hilak 18, Artium Museoan izango da ikusgai. Gero, 19an, Golem Baionan, 20an, Tabakaleran, eta 21ean, Bizkaia Aretoan pantailaratuko da.
Gainera, urtarriletik martxora bitartean Gasteizen, Donostian, Bilbon, Iruñean eta Donibane Lohizunen egingo diren emanaldietan hogei bat zientzialarik eztabaidatuko dute publikoarekin.
Xehetasun guztiak: Zinema eta Zientzia



