IKUS-ENTZUN

Zinema eta Zientzia zikloan Mussolini protagonista

Zinema eta Zientzia zikloak kultura zinematografikoa eta zientifikoa transmititu nahi ditu.  Aurtengoa ekimenaren zortzigarren edizioa izango da, eta denboraren kontzeptuan sakondu nahi du. Horretako hamabi film proiektatzen ari dira urtarriletik martxora bitartean, Gasteizen (Artium Museoa), Donostian (Tabakalera, Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa), Bilbon (EHUren Bizkaia Aretoko Mitxelena auditoriuma), Iruñean (Golem Baiona zinemak) eta Donibane Lohitzunen (Le Sélect zinema). Filmekin batera, hainbat gairi buruz, hogei bat zientzialarirekin eztabaidatzeko aukera izango da.

Faxismoa zoritxarrez gero eta presenteago dagoen garai honetan, Polonian kokatutako Auschwitz kontzentrazio-esparruaren askapenaren 80. urteurrena ospatu den honetan, Vincere (Marco Bellocchio, 2009) pieza pantailaratuko dute gaur Iruñean. XX. mendearen hasiera. Benito Mussolinik Ida Dalser ezagutzen du, bera bezain grinatsua den emakume bat, eta Idak Benitoren borroka politikoa babestuko du, baita hark sozialismoa faxismoarekin ordezten duenean ere.

Zikloak pantailaratuko dituen beste lan batzuk honako hauek dituzue: Frankenstein  eta The Bride of Frankenstein (James Whale, 1931, 1935), zientzialari batek gorputz bizigabe batzuei bizia emateko duen erronkaren harian; eta The Thing (John Carpenter, 1982), beldurrezko klasiko modernoa. Eta film berriagoak ere bai: High Life (Claire Denis, 2018), zulo beltzen, ugalketa-esperimentuen edo espazioko bizitzaren gaiak aztertzen dituena; Everything Everywhere all at once (Daniel Kwan eta Daniel Scheinert, 2022); eta Le Théorème de Marguerite  (Anna Novion, 2023), doktore-tesiko azken urtean dagoen emakume matematikalari baten erretratua; Kampen om tungvannet  (Jean Dréville, Titus Vibe-Müller, 1948), ez-fikzioaren eta abentura-zinemaren arteko nahasketa bat; Djúpiò  (Baltasar Kormákur, 2012), giza gorputzaren mugak ikertzen dituen filma.
Azkenik, Erin Brockovich (Steven Soderbergh, 2000), eta La Maladie de Sachs (Michel Deville, 1999) emango dira.

Eta goian aipatu dugun bezala, hainbat hizketaldi eta hitzaldi antolatu dira puntako aditu batzuekin. Noiz, non eta zer zehazkiago jakiteko, egin klik hemen.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button