IKUS-ENTZUN

“Zinegoak” jaialdiaren lehen eguna

Bilboko Gaylesbitrans Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen jaialdiak (Zinegoak) martxoaren 1etik 14ra arte egingo du bere 18. edizioa.

Aurtengo leloa Zalantza izpirik gabe da, eta “beren identitatea, nortasuna eta etorkizuna duela gutxira arte kontzeptu edo ideia hutsak ziren tresnekin eraikitzen ari direnengan jarri dugu begirada. Beren ikuspegia sexu-aniztasunerantz, askotariko orientazioetarantz, genero-identitatearen eraikuntzarantz edo sexualitatearekin loturiko beste edozein elementurantz modu natural batean zabaldu dutenengan”.

Zinegoakek hiru sail ofizial izango ditu bere programazioan: FIK (fikzioa), DOK (dokumentalak) eta KRAK (narratiba berriak). Hiru sail ofizialetako 18 film luze horiek Golem Alhondigan proiektatuko dira martxoaren 1etik 7ra arte, eta bertan gaurkotasun handiko gaiak jorratuko dira: “belaunaldi berrietan oso presente dagoen eraikuntza identitarioak, amatasun lesbikoak, talde-zaintzak eta abar”. 18 film horietatik bederatzi opera primak dira, bederatzitan eduki lesbikoa lantzen da (batez ere FIK sailean) eta gehienetan zuzendariak emakumeak dira.

Eta gaur, martxoaren 1ean, Arriaga Antzokian hasiera ekitaldia izango da, eta bertan Jose Antonio C. Amunarriz hondarribiarraren Red Bay film laburraren erabateko estreinaldia izango da.

Jaialdiaren barnean, sei ziklo ezberdin antolatu dira:  Haurtzaroa-Nerabezaroa, Emakume zuzendariak, Drag life, Erresilientziak, LGTBI+ Nagusiak eta Euskal Begiradak. Horiez gain, Zinegoakek ere ziklo berezi bi antolatu ditu BilbaoArten: Sébastien Lifshitz Zinegoak 2021 Ohorezko Saridunari buruzko atzera-begirakoa, eta Brasil transbertsala ziklo berezia. Martxoaren 5etik aurrera, sail ofizialeko film guztien lehenengo proiekzioa egin eta gero, Filmin plataforman leiho birtuala irekiko da, eta data horretatik aurrera, egunero hiru film berri estreinatuko dira, egunero bana sail bakoitzeko.

Zinegoak jaialdiaren programazio guztia eta datak, tokiak, sarrerak eta abar, bere webgunean kontsultatu ahal dituzue.

Gogoratu, jaialdiaren ostean, ekimenak bere ibilbidea hasiko du Euskal Herrian zehar, herriz herri, eta 40 udalerri baino gehiago bisitatuko ditu jaialdiak.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button