MUSIKA

Euskal jazzak presentzia nabarmena izango du Heineken Jazzaldian

Aurten ere, euskal jazzak bere txokoa izango du  Heineken Jazzaldian. Urtarriletik apirilera bitarteko hautatze-prozesutik datozen hamar taldek joko dute; beste bost talde 2017an diskoa argitaratu zutelako programatu dira; lau Katapulta Tour Gipuzkoa 2018ri dagozkionak dira; beste hiru talde Musikenek proposatutakoak; eta sei antolakuntzak zuzenean aukeratuak.  Hortaz, 34 euskal taldek eta bakarlarik hartuko dute parte guztira, 53. Heineken Jazzaldiaren programazioan.

Tartean ere Iñaki Salvador, Michel Portal, Víctor de Diego, Mikel Erentxun, Izaro eta Amateur taldeak daude. Iñaki Salvadorrek Mikel Laboa oroimenez saioa egingo du. Musikari ezagunarekin Ainara Ortega (ahotsa), Maria Berasarte (ahotsa), Angel Unzu (gitarra), Hasier Oleaga (bateria), eta Javier Mayor de la Iglesia (kontrabaxua) aritzen dira.

Michel Portal musikariekin batera, Vincent Peirani (eskusoinua) eta Émile Parisien (saxoa) musikariak topa ditzakegu. Heineken jaialdiaren hitzetan “Portal, jazzeko euskal musikarien dekanoa, artista sailkaezin horietakoa da, ustez mugiezina denari erronka egiten diona eta mundu guztia harritzen duena jotzen dituen musika-tresnetan erakusten duen maisutasunagatik”.

Aurtengo zitarik interesgarrienetako bat Izaro izango da. Berarekin Iker Lauroba (gitarra), Julen Barandiaran (baxua), Oriol Flores (bateria) eta Garazi Esnaola (teklatuak) izango dira. “Izaroren musika barnekoi eta sentsibilitate sakonekoak erremediorik gabe hunkitzen du entzulea. Komunikabideak, publikoak eta lurraldeak haren miresleen familia handira gehituz doaz, etengabe. Mallabiko kantautoreak (1993) bigarren disko dizdizari bat egin du, Eason, hitz batean esanda, zoragarria”.

Talde berean Amateur kokatuko dugu. Mikel Aguirre, Cheli Lanzagorta eta Iñaki de Lucasen proiektu musikal berria da Amateur. Atera duten diskoa zuzenean aurkezteko orduan, honako hauek izango dituzte lagun agertokian: Fernando Neira baxuarekin, Paul San Martín Hammond organoan eta Joseba Irazoki gitarrarekin.

Beste talde askok hartuko dute parte jaialdi erraldoian. Zeintzuk diren jakin nahi izanez gero, jo webgune honetara.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button