
Aste honetan, ekainaren 23tik 30era bitartean, Bilboko LGTBIQ+ Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiak bere 22. edizioa egingo du, erresistentzia eta estimu-sareak aldarrikatzeko helburuz. Zinegoak Bilboko hainbat areto eta espaziotan egingo da: Azkuna Zentroa, Bilborock, Golem Alhóndiga, Guggenheim Bilbao, BilbaoArte, Hikateneo, Sarean, La Sinsorga, Bira Kulturgunea, besteak beste.
Gaur, inaugurazio ekitaldia egingo da Arriaga Antzokian. Nerea Arriolak eta Divina Comediak aurkeztuko dute ekitaldia, Esanezin musika taldea arituko da eta Zero Chou zuzendari taiwandarrak Zinegoak 2025 Ohorezko Saria jasoko du.
Aurten ere, film luzeak, film laburren hainbat ziklo, euskal ekoizpenak, obra eszenikoak, topaketa profesionalak, nazioarteko zinemagileen bisitak, eztabaidarako eta hausnarketarako guneak eta abar izango dira jaialdian.
Film luzeen sail ofizialean 15 film lehiatuko dira jaialdiaren ohiko hiru sailetan: FIK, DOK eta KRAK (narratiba berriak), Brasil, India, Argentina, Kolonbia, Estatu Batuak, Norvegia, Kroazia eta Herbehereetakoak, besteak beste. Film horietako hainbat zinemagile eta protagonista izango dira jaialdian, beren lanak bertan aurkezteko. Sail ofizialean lehiatuko diren 30 film laburrei dagokienez, Haurtzaroa eta Nerabezaroa eta Emakume Zuzendariak zikloez gain, Zinegoakek hiru ziklo berri izango ditu: Maitasun sareak eta Erresistentzia eremuak. Horietan, “gorroto-diskurtsoak areagotzearen aurrean borroka politiko aktiboa mantentzearen garrantziaz hausnartzera gonbidatzen gaituzte”. Geroa oroimenetik sailean iraganari begiratuko diote etorkizun kontzienteagoa eraikitzeko.
Alaitz Arenzana Zinegoakeko zuzendariak nabarmendu duen bezala, “edizio berri honetan, arreta berezia jarriko diegu disidentzietatik sortzen ditugun erresistentzia sareei eta afektuei. Egitura tradizionaletatik, hegemonikoetatik eta patriarkaletatik haratago doazen ereduak birpentsatu behar dira. Gure gizarteak zeharkatzen dituen zapalkuntza-sistemei aurre egitea eta gainditzea bilatzen duten espazioak aldarrikatu nahi ditugu, heteronormatibitatea, patriarkatua, kolonialismoa edo kapazitismoa, besteak beste “.
Zinegoakek beste hainbat jarduera osagarri ere abiatuko du, tartean, eta Getxo Kulturak antolatuta, ekainaren 26an, Getxoko Muxikebarri kulturgunean Hermafroditas a caballo o la rebelión del deseo antzezlana izango da ikusgai.
Zinegoak jaialdiaren itxiera ekitaldia ekainaren 30ean izango da, Bilborocken, eta bertan 22. edizioaren palmaresa ezagutaraziko da.



