BESTELAKOAK

“Gerezien denbora” pastoral urbanoa, Barakaldon

Aste honetako larunbatean, otsailaren 7an, Itxaro Bordak idatzitako eta Beñat Achiaryk zuzendutako Gerezien denbora pastoral urbanoa, Barakaldon ikusi ahalko da.

Gerezien denbora, lehen pastorala urbanoa da, pastoral modernoago bat dela esan dezakegu. Ezkandrai elkartearen eskutik dator proiektua, eta eurek azaldu dute zertan den pastoral hiritar hau: “Pastoralaren tradizio bizi baten bihotzari lotuta dago Gerezien Denbora. Gaia edozein dela eta, pastoral historikoa antzerki errituala baita, kantuz eta dantzaz bizitzaz ari dena, maitasunaz eta bizitzari zentzua ematen dioten pentsamendu, bulkada eta ekintzez.
Hiritarra izango da, baita ere, Zuberoakoa gordez, egungo eszenografia garaikidea eta arte hiritarrak jasoko dituelako.
Musikaren aldetik, ez da antzinako musika tresnetara mugatuko. Jasoko ditu musika elektro-akustiko eta anplifikatuak, jazzak, perkusio garaikideak, pianoak edo eta sintetizadoreek bezalako baliabideek ahalbideratzen dutena, zineman musikak duen lekua ere bereganatuz”.

Gerezien denboran, 20 musikari, 50 aktore eta sasi-antzezle, 100 bat kantari eta laguntzaile andana dago.

Antzekotasun historikoez bestalde, pastoral post-industrial hau Bizkaiko Ezkerralderaino eramatearen arrazoia mugaz bi aldeetako elkar ezagutza bultzatzea ere bada. Horregatik, aktoreez gain, Lapurditik hurbilduko diren lagunentzat industria-ondarearen inguruko egun-pasa osorako egitaraua prestatu dute horren inguruan.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button