IKUS-ENTZUN

“ZINEBI Networking” dokumentalen sorgunean izena emateko epea zabalik

Zabalik dago dagoeneko  “ZINEBI Networking”, Bilboko Dokumental Zinemaren Foro Profesionalaren bosgarren deialdian izena emateko epea. Bilboko Udalak babestuta, ikus-entzunezkoen produkzioa sustatu nahi du ekimenak, eta aurtengo edizioan euskal produktore eta zinegileentzako ez ezik, Estatu osoko ekoizleentzako ere zabalduko ditu ateak.

Azaroaren 14tik 18ra izango da jaialdia eta bertan parte hartu nahi duenak irailaren 29ra arte esteka honetan eman beharko du izena. Parte hartzaile orok, dokumental zinemaren eremuan garatzen ari diren film luzeak aurkeztu beharko ditu.

ZINEBIren zuzendaritzapean, profesional eta adituekin eratutako Batzorde batek egingo du aurkeztutako lanen aukeraketa. Batzorde horrek baloratu egingo du asmo, proposamen estetiko eta proiektu bakoitza produzitzeko bideragarritasuna. Hautatutako proiektuak, hala, egokitutako tutoretza-saio batzuetan parte hartzeko aukera izango dute jendaurrean aurkeztu aurretik.

Berrikuntza gisa, aurten lehen aldiz, 10.000 euroko bi sari emango dira. Bata, ZINEBI Networking: Dokumentalen sorgunea izenekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko proiekturik onenak eskuratuko duena. Eta bestea, Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo produzitutako proiekturik onenak. Bi sariak, Jaialdiaren amaierako galan banatuko dira, azaroaren 18an, Arriaga Antzokian.

Aurtengoan, jardun-eremua Estatu osora zabaltzearekin, proiektu berriei lekua egiteaz gain, ikus-entzunezkoen sarea sendotzeko bultzada eman nahi du ekimenak, sektoreko eragileen, zinemagintzaren eta ikus-entzunezkoen industriako tokiko eta nazioarteko erakundeen artean  harremanak estutzeko.

“ZINEBI Networking”, dokumentalen sorguneak, hala, zinemagileen sormenerako,  gogoetarako edota aholkularitzarako guneak sortzea bilatzen du; sortzaileen, produktoreen, erakundeen eta zinemagintzako produkzioa laguntzen duten sektoreko gainerako eragileen artean. Alegia, sektoreko enpresen eta profesionalen belaunaldi berrien nazioarteko proiekzioa ematea. Hala, beraz, parte hartzaileen, profesionalen eta adituen arteko harremanean eragitea da asmoa.

Iazko “ZINEBI Networking” foroaren edizioan irabazle gertatu zen dokumental film luzea A los libros y a las mujeres canto izan zen, Txintxua Films gipuzkoar konpainiak produzitua eta Maria Elorza zuzendariak zuzendua. Aurten irabazle aterako den film luzea Donostiako Zinema Jaialdiko hurrengo edizioan estreinatuko da, New Directors sailean.

Informazio guztia hemen.

 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button