
Azaroaren 15etik 22ra egingo da, Bilboko Zine Dokumental eta Laburmetraia Nazioarteko Zinemaldiaren (Zinebi) 55. edizioa. Aurtengo ekimenean, Espainia, Frantzia, Alemania eta Estatu Batuetatik heldutako 3.367 lanek hartuko dute parte eta euskal zinearen presentzia aurreko edizioan baino handiagoa izango da, izan ere Euskal Herrian ekoiztutako 115 lan jaso dira.
Lan horien artean aukeratuko dira Lehiaketako Sekzio Ofizialean lehiatuko direnak, Sari Nagusia eta lehiaketan parte hartuko duten hiru generoetarako Urrezko eta Zilarrezko Mikeldiak lortzeko xedez. Jenero horiek, fikzioa, dokumentala eta animazioa izango dira.
Zinebi 55 jaialdiak badu irudia. Kartelaren egilea, 2010eko Diseinu Sari Nazionala jaso zuen Oscar Mariné ilustratzailea izan da. Ospetsua da bere lana Bruce Springsteen, The Psychedelic Furs, Brian Eno, Michel Camilo, Andrés Calamaro, Tomatito edota Inmaculate Fools taldeen diskoen azalak sortu dituelako.
Beste alde batetik, aurten ere, azaroaren 9tik 16ra, Pre-ZINEBI Campos Antzokiko Cupula Aretoan egingo da. Euskal Herriko elkarteen, erakunde profesionalen, taldeen eta zine eskolen laguntza izango du. Pre-Zinebik hitzaldiak, proiekzioak, zuzeneko emanaldiak, eta jada klasikoa eta ezinbestekoa bilakatu den Zinebi Express lehiaketaren bosgarren edizioa eskainiko ditu.