IKUS-ENTZUN

“Zine Kontari”, euskarazko zinema zikloa, Bilboko Campos Antzokian

Bilboko Campos Antzokiak  Zine Kontari euskaraz egindako zinemaldiaren bosgarren edizioa hartuko du abenduaren 9tik 13ra bitarte, Euskal Herriko Gidoigile Profesionalen Elkarteak SGAE Fundazioaren lankidetzarekin bultzatutakoa.

Euskaraz idatzitako eta egindako zinema sustatzeaz gain, euskal ekoizpeneko zinema gutxitua zabaltzea du xede, areto komertzialetan ez dauden filmak proiektatu nahi dituena. Lehen aldiz, gainera, Zine Kontari zikloak, 6 eta 12 urte bitarteko haurrentzako goizeko saioak emango ditu. Hala, abenduaren 9an, astelehenean, Nur eta herensugearen tenplua (Juan Bautista Berasategi. 2017) emango da, goizeko 10:00etan.

Abenduaren 10etik aurrera, ordea, proiekzioak 19:00etan hasiko dira eta honako filmak emango dituzte: Ramon Saizarbitoriaren eleberrian oinarritutakoa Ehun metro (Alfonso Ungria, 1986) abenduaren 10ean;  Lasa eta Zabala (Pablo Malo, 2014) hilaren 11n; Pikadero (Ben Sharrock, 2015) abenduaren 12an; eta Errementari (Paul Urkijo, 2017).

Film luze horiez gain, lau ekoizpen labur ere proiektatuko dira. Hala,  Dortoka Uhartea (Maru Solores, 2003); Kaleko Antzerkia (Koldo Edorta Carranza); Arantza Ibarraren June eta David, eta Zabala eta Paul Urkijoren Ohe azpiko zera (2012) film laburrak izango dute aldez aurretik, hurrenez hurren.

Zikloaren arduradunek azaldu dutenez, “euskara tresna eta bitarteko gisa hartuta, euskara maite duten guztientzat, oro har, eta ikasten ari direnentzat bereziki, ekimen aproposa da zikloa,  proiekzioekin batera gaztelaniazko azpitituluak jarriko baitira”.

Informazio gehiago, lotura honetan duzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button