MUSIKA

Vulk eta Kaskezur taldeek Azpeitian joko dute

Vulk bizkaitarrak eta Kaskezur nafarrak Euskal Herriko rock eszenako talde interesgarrienetarikoak dira. Lehenengoak post-punkaren esparruan aritzen dira; bigarrenak, berriz, 1990eko hamarkadako indie-rocka dute jarduteko eremu. Bada, bihar, bi bandak Azpeitiko Sanagustin Kulturgunean izango dira, 23:00etatik aurrera.

Vulk Bilboko post-punk laukote gaztea da, eta dagoeneko bi disko luze argitaratu ditu: Beat Kamerlanden (2017) eta Ground for dogs (2018). Iraupen laburreko zenbait disko ere plazaratu ditu.

Honatx Berriako kolaboratzaile Julen Azpitartek Ground for dogs bikainaren harira idatzitakoa: “Diskoak postpunk giroetan estalitako bederatzi doinu biltzen ditu, eta estreinako lanaren maila berean edo gorago dago. Aurreko grabazioa baino pausatuagoa da, ez da hain urgentea. Egitura sinpleagoak sortu dituzte kantu sakonagoak gauzatzeko. Abstrakzio handiago baten bila jo dutela ematen du. (…) Bi kantu grabatu dituzte euskaraz estreinakoz, biak ala biak bikainak, baina Behiaren begirada diskoko onena dela esatera ausartuko naiz”.

Baztango Kaskezur taldeak Azpisugeak (Mukuru Records) izenburuko lana aurkeztuko du bihar, Azpeitian. Diskoak hamar kantu biltzen ditu, distortsio handiko gitarrekin ondutako pop zaratatsuaren esparruan iltzatutakoak, 1990eko hamarkadako indie-pop oihartzunak haizatzen dituztenak.

Grabazio hori 2017ko onenen artean kokatu zen . Inaxio Esnaola musika kritikariaren (Berria) arabera, “duela lau urte gertatu bezala, euskarazko rock disko onena argitaratu du Kaskezur talde nafarrak. Badirudi laugarren lana ez dela oharkabean pasatu, zorionez. Laukotea berritu arren, Iñigo Iturriak eta Ion Mindegiak berretsi dute zein sortzaile finak diren. Gitarra jotzeko eta kantatzeko ere bai. Lore sorta eta Azpisugeak kantuak ez dira klasiko bihurtuko, ez dira karaokeetara iritsiko, baina hain dira ederrak. Diskoa bezainbeste”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button