LITERATURA

“Istorioak belarrietara” kontakizunen irabazleak

Joan den hilean, ondarearen inguruko lan modu berriak aztertzeko eta sorkuntza zein esperimentazio gune berriak sortzeko asmoz, Igartubeiti Baserri Museoak, Areago egitasmoaren bitartez, euskarazko Istorioak belarrietara kontakizun laburren lehiaketa abian ipini zuen. Duela egun batzuk, lehiaketa horretako irabazleak zeintzuk izan diren jakinarazi dute.

Hala, Txus Arrietaren Upelak daraman bidea kontakizunak 1. saria jaso du; Gorka Azkaratek jaso du 2. saria, Igartubeitiko sorginak kontakizunagatik. Deialdi honek dituen sariak: 1. saria, 800 euro eta 2. saria, 600 euro. Epaimahaiak hiru aipamen berezi nabarmendu ditu kontakizunen freskotasun eta originaltasunagatik: Denboraren joana; oroitzeko beharra, Nerea Guijarrubiarena; Baserriko lagunak, Mikel Babianok idatzitakoa eta Ai, usoa!, Aitor Fernandez de Martikorenaren kontakizuna.

Areago, Igartubeiti Baserri Museoko urteko programaren barne, 2011an bere ibilbidea hasten duen ondare berrikuntza proiektua da. Areago, sorkuntza eremuko lenguai ezberdinen erlazioaren bitartez eta euskarri ezberdinen erabileraren bitartez, ondare baliabideekiko beste harreman mota batzuk esploratzen duen gune gisa sortzen da.
Beste begirada eta narratiben bitartez, baserria eta bere ingurunea berriro bisitatzea ahalbidetzen duten zenbait soinudun ibilaldi abian jarri ditu 2011tik. Horretarako euskal kulturako eragileek parte hartu dute, Maialen Lujanbio edo Arantxa Iturbe esaterako, gaur egun Areagoren partaide diren kontakizunen sortzaileak. Kontakizun hauek Interpretazio Zentruan eskura dauden mugikorren bitartez entzun daitezke.

Oraingo honetan, kontakizun laburren bitartez, Igartubeiti baserriarekiko narratiba eta ikuspegi berriak nabarmendu nahi ditu, era berean, euskararen erabilera eremu honetan eta ondare eremuan sustatuz.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button