MUSIKA

Crystal Figthers eta Dinosaur Jr. Donostian izango dira asteburuan

Kutxa Kultur Festival jaialdia egingo da Donostiako Igeldo jolas parkean irailaren 6an eta 7an. Bertan, Euskal Herriko eta atzerriko makina bat indie pop eta rock talde bilduko dira. Jaialdiaren antolatzaileek lan txukuna egin dute kartel interesgarria osatzeko.

Hala, oraintsu Zugarramurdiko kobazuloetan kontzertua eman duten Cristal Fighters ingelesak ostiraleko kartel buruak izango dira; larunbatekoak, berriz, 90eko hamarkadan indie jaialdi guztietan parte hartu zuten eta oraindik sasoian dauden Dinosaur Jr. estatubatuarrak.

Ostiraleko programa osatzen duten beste izen garrantzitsu batzuk ondokoak dira: Delorean, Junip, Damien Jurado eta Belako; larunbatekoak, aldiz, Built To Spill, Dover, Crocodiles eta Bobby Bare Junior.

Adi, AEBeko Crocodiles taldeari jaialdiko sorpresa izan baitaitezke. Jesus and Mary Chain banda ingelesaren jariotik gertu dagoen proposamena jorratzen dute, eta bere kantuen artean hit ugari daude.

Aipatutako emanaldiez gain, kontzertu sorpresak eta dj saioak ere izango dira Makala eta Budin-en eskutik.

Kontzertuak 15:30ean hasi eta 00:30ean amaituko dira. Gau partean baina, jaialdia Donostiako Egia auzoan dagoen Gazteszena aretora igaroko da. Horrela, ostiralean, 1:00etan, Triz3ps taldeak joko du, eta gero disko jartzaileak izango dira, tartean, Crystal Fighters-eko taldekideak arituko dira musika ipintzen. Larunbatean, halaber, Cuchillo, Allo Darlin eta Shannon & The Clams bandek joko dute. Emanaldien ostean, DJ Coco izango da.

Informazio gehiago: kutxakulturfestibala.com.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button