
Atzo lehen ikuskizunak abiatu ziren plazetan, baina beste hainbat txokotan, oholtzak eta eszenatokiak prestatzen ari ziren lagunak eta langileak, jo eta su, gaur behar bezalako hasiera emateko antzerkiaren jaialdi erraldoi honi.
Igandera arte eszenatoki handi bat bilakatuko dira Leioako kale eta plazak 120 agerraldiri lekua emanez. Bertan, Euskal Herri zein Espainia eta Argentina, Belgika, Erresuma Batua, Frantzia, Italia eta Txiletik etorritako 45 konpainiak aurkeztuko dituzte 47 ikuskizunak.
Hala, egun hauetan, Malas Compañíasen Orsai, ATX Teatroren Gnosia eta Matrioskaren Motel Matrioska lanak ikusteko parada egongo da. Baina tartean Ane Mirenek eskainiko ditu De viaje bihurrikatze-saioak; Teatro Salitreren Amor ciego lana ere ikusiko da; Pez Limbok Lana ikuskizuna eramango du; eta Laura Kibel, Histoire de famille, Les singuliers associés, Elegants, Doble Mandoble, La Passante, Una de dos, PakiPayá, Ciatures eta La Industrial Teatreraren ekitaldiak ere jende zalearen gozagarri izango dira.
Zerbait modu zehatzean jakin nahi baduzue Umore Azokaren webgunean duzue.