IKUS-ENTZUN

Gaur abiatuko da “Zinemakumeak Gara!” zikloa

Zinemakumeak gara! emakumeek zuzenduriko zinemaren erakustaldiaren hogeita hirugarren edizioa gaurtik igandera bitarte, Bilboko BBK Aretoan. Aurten, maitasunaren inguruan ardaztuko da, “bere forma guztietan, eta film laburrak eta luzeak, hitzaldiak eta mahainguruak biltzen dituen egitarauaren bidez”.

Ekimenaren helburua emakumeek zinemaren historian egindako lan eta ekarpen artistikoa balioztatzea eta zabaltzea da, behar duten bisualizazioa eman ahal izateko. Izan ere, zinemagintzan, emakumeen presentzia oso urria da, eta arte eta kulturaren esparruan berdintasunik ez dago oraindik, zoritxarrez. Hala, orekatze bat bilatzen du ekimenak, emakumeak ere zuzendari, protagonista eta aditurik onenak baitira zinemagintzan ere.

Hala, gaur  bertan, inaugurazio ekitaldia egingo dute, 19:30ean, La Furia abeslariaren emanaldiarekin, “bere argitasun eta aldarrikapenengatik gaur egungo panoramaren ahots nagusietakoa”. Gero, zinearen txanda iritsiko da: À peine j’ouvre les yeux (Leyla Bouzid , 2015, Tunez).

Leyla Bouzid, Nouri Bouzid zuzendariaren alaba, Tunisian jaio zen 1984an, eta gaur pantailaratuko den filmak hauxe kontatzen du: “Tunisia, 2010eko uda, Iraultza aurreko hilabeteak. Farah-k 18 urte ditu, bigarren hezkuntza amaitu berria da, eta bere familiak Medikuntza ikasiko duela espero du. Baina neskak ez du helburu hori buruan. Politikoki konprometituriko rock talde batean abesten du, mozkortu eta gauetan maitasuna eta hiria ezagutzen ibiltzen da, ama Hayet-en borondatearen kontra, honek larregi ezagutzen dituelarik Tunisia eta bertoko arriskuak”.

 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button