LITERATURA

Xabier Monasteriok “Iparreko eleak” liburua aurkeztuko du, Beran

Berako Kultur Batzordeak eta Berako Udalak antolatuta, bertako Herri Liburutegian, bihar,  abenduaren 17an, 18:00etan, Iparreko eleak liburua aurkeztuko du Xabier Monasteriok.

Lanak Iparraldeko euskaldunek literaturan eta bestelako arloetan idatziriko testuen antologia bat eskaintzen du. Liburuak galdera bati erantzuten dio: nola liteke garai batean iparraldean jasotako ondareak batere oihartzunik ez izatea Hego Euskal Herrian?

Hala dio liburuaren antolatzaileak: “Iparraldeko testuak eta testuinguruak Euskal Herriko literatura ondare aberatsena Iparraldean dago, zalantzarik gabe. Hala ere, ezin esan daiteke egungo irakurleak ondare hori behar bezala ezagutzen duenik. Hori dela eta, liburu honetan lehen hurbilketa bat proposatzen diogu irakurleari, lagin laburren bitartez Ipar Euskal Herriak iraganean sortu dituen denetariko testuak ezagutzeko. Izan ere, literatura ez ezik, almanakak, gutunak, katiximak, testuliburuak, aldizkari artikuluak eta beste zenbait testu mota ere aurkituko ditu orrialde hauetan. Eta denak testuinguruan ondo kokatuta eta oharrez oparo hornituta ematen ditugu, hobeto uler daitezen. Beraz, Euskal Herriko ipar-hegoak lotzen laguntzeko lanabesa duzu liburu hau”.

Monasterioren iritziz, “garai bateko liburu bikainak plazaratzen ditugu. Denak dira literaturan bide eta molde berriak urratu zituzten lanak. Orain eguneraturik eskaintzen ditugu denboraren joanean batere gaurkotasunik galdu ez duten urrezko liburu horiek”.

Liburuan barneratu ahala, irakurleak modu arbitrarioan mota askotako testuak topatuko ditu, literarioak izan zein izan ez. Hortaz, idazle klasikoen lanez gainera, jende xeheak idatzitako postalak edota gutunak, almanakak edota aldizkariak bildu dira bertan. Ondorioz, liburuaren aurkibidean idazle ezagunak eta ez hain ezagunak direnak batu dira, tartean, Bernard Etxepare, Joanes Leizarraga, Axular, Joanes Etxeberi Sarakoa, eta horien ondoan, Arnaut Abadia, Piarres Ibarrart, Martin Guilbeau, Etienne Decrep Etxemaite, Mariana Hargain, eta abar.

Ipar Euskal Herriko literaturarekin maitemintzeko gonbitea da lana, bertako geografiako paisaia ederrak irudikatu eta deskribatu zituzten idazle askoren testu laginez beterik, iraganeko altxor literario hori eskura dugularik ezagunago bilaka dakigun.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button